Kit-kat alde bakarreko, behin betiko eta egiaztagarria
Egunkari honekin elkarlanean Irrien Lagunak kluba sortu berri duten Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek txokolatezko musuak eman ohi dituzte. Brian Currin nazioarteko bitartekariak txokolatezko erantzuna eman zion Imanol Muruari, egunkari honentzako egindako elkarrizketan soldata nork ordaintzen dion galdetu ziolarik: Kit-Kat txokolate markako nagusi Robert Rowntree-ren fundazio batek. Zerbait poetikoa badu horrek: txokolategile bat etorri behar gure gatazka garratza goxatzera. Txokolate etxe horren iragarkietan, atsedenalditxo bat hartzeari kit-kat bat hartzea esaten diote. Currinek aurki espero duen agirian, The Organization-ek bitartekariaren lanaren garrantzia aitortzeko kit-kat aldebakarreko, behin-betiko eta egiaztagarria aldarrika lezake. Bestalde, azkenean dena ongi ateratzen bada eta zorigaiztoko gatazka amaitzen bada, euskal gizarteak zor handia edukiko du Currinekin zein Rowntree-rekin. Hori kitatzeko modua eta bidenabar Euskal Herriaren aspaldiko arazoa konpontzeko modua bururatu zaigu. Euskal Herriak egun ez du ereserkirik. Gora ta Gora Euskadi oso jelkidea da. Gainera, baten batek legezkanpo utz lezake: “ta” hori “eta” juntagailuaren kontrakzioa besterik ez da. Beraz, baten batek uler lezake kantak “Gora ETA! Gora Euskadi!” dioela. Eusko Gudariak, berriz, Ezker Abertzaleak patrimonializatu du azken hamarkadotan eta, gainera, oso belikoa da. Beraz, gauzak ongi ateratzen badira, bilaka dezagun Paquito el Chocolatero Euskal Herriko himno. Oso ludikoa da. Eta, kasu, Pirinioen bi aldeetan du ezarpen handia -Baionako festetan, besterik ez dute abesten, ia-.
Iruñea-Policia
Iruñeko Udalak haren lehen biktimizazio inkestaren emaitzak karrikaratu berri ditu. Datu batek eman digu atentzioa: iruindarren %47k uste dute aurki droga salerosketa delitu baten biktima izanen direla. Hortik ondorioztatu beharko dugu iruindarren %47k aurki droga erosteko asmoa dutela eta droga hori purua ez izatea espero dutela; izan ere, guk dakigula, nekez izan zaitezke droga salerosketa delitu baten biktima droga erosi gabe. Biktimizazio inkestek ez dute neurtzen segurtasun objektiboa delinkuentzia tasa errealetan oinarriturik, baizik eta jendearen segurtasun pertzepzio subjektiboa. Eta hitzak berak ederki adierazten duenez, subjektibotasuna oso subjektiboa da. Agian zertxobait objektibatzeko, inkestatuei galdetu beharko litzaieke ea zenbatetan ikusten duten harakindegi bihurturiko Tele 5-eko gaueko albistegia, edo bihotzeko albisteak gertakari odoltsuekin nahastuz arratsaldero TVE1-en pantailaratzen duten telebista-odolkia, Gente goiburuduna. Hedabide handiak eta botere politikoa eskutik helduta. Morboak saltzen du, eta beldurrak otzantzen, eta telebista ikusleak zeharo ikaraturik nahi dituzte haiek beraiek eska dezaten askatasun gutxiago eta polizia gehiago. Iruindar gehienek uste dute haien hiria oso segurua dela. Baina, halaber, iruindar gehienek uste dute kalean polizia gehiago behar dela. Nahiz eta Nafarroak mila biztanleko 5,2 polizia dituen, Espainian batez beste dituztenak baino bi gehiago. Iruñea-Pamplona bainoago, Iruñea-Policia.
NABAIKHXXIAA
Gaur, amaitzeko, porru salda. Porrua: Kataluniako PPko gazte taldeak hauteskunde kanpainarako plazaraturiko bideojokoan, haien hautagaiak, Alicia Sanchez-Camachok, kaio erraldoi batean igota, bonbillak jaurtiz paperik gabeko etorkinak akabatzen ditu. Xenofobia aurpegiratu dietelarik, akatsa bideojokoaren diseinatzaileena izan dela erantzun dute, paperik gabeko etorkinak jarri zituztelako, etorkinen mafiak jarri behar zituzten tokian. Etorkinen mafiak. Zoin diren emankorrak joko semantikoak. Etorkinak antolatzen direnean, mafiak dira. Baina esplotatzen dituztenak ez dira esklabistak baizik eta enpresariak. Beltz madarikatuak esaten baduzu arrazista zara. Aldiz, etorkin mafiak esaten baduzu, demokrata erabatekoa. Bidenabar esanda, Alicia Sanchez-Camachok bideojokoan independentistak ere akabatzen ditu. Horrek askoz oihartzun mediatiko urriagoa izan du. Salda: Nafarroako Parlamentura elkarrekin aurkeztea proposatu die Batasunak Aralarri eta EAri. Proposamena egiterakoan, Nafarroa XXI marka erabili dute. Batasunak dio NaBai ez duela apurtu nahi, baina gonbitea ez die luzatu NaBaiko partaide diren EAJri eta independenteei. Euskal Autonomia Erkidegoko EAJko kideak behin eta berriz esaten ari dira Batasunarekin ez dutela deus jakin nahi, baina Nafarroako EAJko eledunek ez dute ahoa ireki ere egin. Aralarrek dio NaBairen ateak zabalik uzten dizkiela koalizioaren oinarriekin bat egiten duten guztiei, baina ateak itxi dizkio Labriten EArekin eta Batasunarekin Gernikako akordioa aurkezteari. EAk batetik dio Batasunarekin bat egiteko prest dagoela baina bestetik Batasunarekin elkartu nahi ez duen Uxue Barkos babesten du NaBaiko zerrendaburu moduan. Uxue Barkosek eta beste zenbait independentek ez dute Batasuna nahi, 2007ko Nafarroa Bai bera nahi dute, baina 2007an ez bezala zerrendaburua ez dute Aralarren esku utzi nahi. Nafarroa Bairen hamaika ikuspegi batetik, Nafarroa XXI bestetik. Guri kontsentsuzko izen bat bururatu zaigu: Nafarroan Bai Kristo Handia XXI Mendeko Abertzaleen Artean. Ilusionagarria, zinez.