Anuska
Gaur ikutu behar dudan gaia, oso bertakoa da. “Do it yourself”, edo zuk zeuk egin, delako filosofia. Sobera ongi dakigu: beste erremediorik egon ezean, indar faktikoak aurka dituzunean, zuk zeuk indarrak bildu, zure ondokoak erakarri eta ekin lanari, ez dago besterik. Baina zer gertatzen da delako indar faktiko horiek, nolabait deitzearren, alde dituzunean? Hori ere oztopoa bihur al daiteke? Hala gerta daitekela ere jakin badakigu.
Aste honetan honekin zerikusia duen zerbait gertatu zait, zerikusi urruna bada ere, eta gero, honekin lotuta, lagun batekin eta berak daukan izaerarekin gogoratu naiz. Kontua da olerki batzuk eskatu zizkidatela aldizkari baterako. Egin eta entregatu nituen, eta aste honetan “zuzenketa” batzuk proposatu zizkidatela. Horiekin ados ez, eta ezer ez aldatzeko eskatu nuen, eta zera gehitu nuen: nik sinatzen nituenez, ardura guztia nire gain hartzen nuela. Editoreari erantzuna ez omen zitzaion gustatu eta nahiko zakar idatzi zidan, bere zuzenketei eutsiz eta editoreak ere bazuela bere aldizkarian argitaratzen zenaren erantzunkizuna esanez. Azkenean, halere, nire eskakizunari kasu egin zion eta olerkiak nik idatzi bezala aterako dira. Garbi nuen zer egingo nuen bestela: ez argitaratzeko esan, baina zorionez, ez nuen halakorik egin behar izan. Zorionez edo zoritxarrez, nire poemak txukunak zirelako, nire ustez, eta beharbada aldizkari hura ez zelako argitaratzeko tokirik aproposena, editorearen irizpideak kontutan hartuta.
Nire lagun Migelek banda batean jotzen du. Aspaldidanik bere diskak taldearen kabuz ateratzen dituzte. Eta, duela ez asko, haren erabakiaren ondorioa dela jakin dut, hau da, disketxe batzuren proposamenak jaso dituztela, baina uko egin diotela haiekin lan egiteari. Hasieran harritu nintzen, disketxe horietako bat nahiko ezaguna delako, eta Migelen gustokoa gainera. Sekulako bultzada izango zen taldearentzat eta ez nuen haren ezetza ulertzen. Kasualitatez enteratu nintzen, Migelek inoiz ez baitzidan kontatu. Nire harridura ikusita, azalpenik behar ez duen zerbait esplikatzen den apaltasunez, nahiko gainetik eta garrantzirik eman gabe, kontatu zidan berak ez zuela hortik bizitza ateratzen, afizioz egiten zuela eta ez zuela inongo interesik mila diska saltzean. Gauzak bere erara ateratzea nahiago zuela, musika eta letretatik hasita, soinua eta azalaren diseinurarte.
Eta hor dago gakoa. Disketxe batek eskua sartuko zuen, ondo agian, edo ez. Migelek merkatua ezagutzen du, mila diska erosten ditu, bereak bezalako bitxikeriak barne, eta azken hauek bereziki maite ditu. Bere diskak bitxikeria dira, zalantzarik gabe, eta horrela izaten jarraitzea nahi du: produktu zainduak eta erabat pertsonalak dira, gutxi batzuren altxor estimatuak, eta horiek egiteko ezagutzen duen industriarekin nahiko du: bere musikariak, ez dakit nongo estudioa, halako fabrika eta denda hau eta beste hura. Nik ez dut mundu hori hainbeste ezagutzen baina beti iruditu zait musika talde bat disketxe batek fitxatzea kristona izan behar duela: ospea lortzeko biderik azkarrena, eta begira non eta nire lagunak mundu honetaz paso egiten du. Eta gero bere diskak ikusi eta, gustatu ala ez, hor daude, bere apostua hor dago, nahi duenak goza dezala.
Poema bat idatzi eta argitaratzea askoz ere errazagoa da. Papera eta tinta besterik ez da behar, gaur egun, interneta izanda, hori bera ere ez, eta halere nahiko nuke hedapen handiko aldizkarian argitaratzea, jende askorengana iristea, baina zer iristea nahi dut? Arestian aipatutako indar faktikoek gustoko dutena? Autoedizioa, zuk zeuk egin filosofia, neketsua da baina norbaitek benetan sinesten al du beste bidea dohakoa dela? Zuzenketa batzuk orain... eta gero, agian ,edukia bera.
Migel ez dut 40 printzipaletan entzungo, ezta areto erraldoi batean, baina bere ahots pertsonala askoz interesgarriagoa da inongo dezibel mordo zaratatsuenak baino.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/11/anuska-burutazioa.mp3]
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!