Fermin Erbiti
Gonzalez espainiar presidente ohiak ez du deus berririk azaleratu, galdera da zergatik esan duen, eta zergatik orain. Gonzalezek esana badakigu orduko hartan ETAko buru guztiei Carrero Blancoren azken bidaia eginarazteko aukera eman ziotela, eta presidenteak ezetz esan zuen. Kazetarion lana galderak egitea izanik, begibistakoak dira hortik tiraka egin behar diren hurrengoak: nork proposatu zion bonba hura jartzea? Orduko hartan ezetz esan zuenak noizbait kontrakoa esan al zuen? Badakizu nor zen Mikel Zabaltza, gogoratzen duzu zer gertatu zitzaion gazte nafarrari?
Ezetz erantzunez gero, ondorengoa gogoratuko genioke: orbaizetarra atxilotu, torturatu eta hil egin zuten. Ondoren, gorpua Bidasoa ibaira bota zuten, gaztea itota hil zela sinistarazteko. Hogeita bost urteren buruan, hiltzaileak libre daude, horretaz deus ez dakien bakarra justizia delako.
Zabaltza torturatzea eta hiltzea, nonbait, huskeria zen, gaia etzen presidentearen bulegoraino heldu, orbaizetarra ez zelako inor, haren hilketa maila apalagoko funtzionarioek erabaki zezaketen, batere problemarik gabe.
Gonzalezek berak esandakotik ateratako konklusioa argia bezain paradojikoa da: Zabaltza ETAko buruetakoa izan balitz, agian gaur bizirik legoke.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/11/erbiti-az-92.mp3]