Adinaren ajeak

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 8a, 17:00

Aitor Etxarte

Merced kalea nazional-katolizismoaren garaian ezagutu nuen. Kale berean erreketeak eta ondorengoak, eta gerarren galtzaileen segidakoak bizi ginen. Diktaduraren irudia, kalean etengabe ikusten genituenak, ez ziren polizia edo militarrak. Batzuk eta besteak egun seinalatuetan di-da batean pasatzen ziren beti katedralaren aldera edo handik bueltan. Eguneroko boterearen irudi sinbolikoak elizgizonak ziren eta, morrontza lanetarako, serorak.

Oro zen bekatu, eta guretzat, dena beldurgarri. Katolizismoak erabateko absolutismoari gorputza eman dio hamaika belaunaldietan. Agindu du zer pentsatu eta amestu, nola jokatu eta norekin, gaur ahaztua dugun neurrietaraino. Eztabaida ezina izan da bere agintea bizitza pribatuan eta publikoan. Krudelkeriaz markatu duen normalitatetik kanpo bizitzea ezinezkoa izan da.

Handik gatoz, adinaren ajeak, haren aurka eginez gara pertsona. Kintako beste asko, jakina, bere amaraunean dira.

Eta Ratzinger etorri delarik orroeka aritu da erasoen jomuga delakoan. Iraganaren nostalgiaren deia izan du, Cruzadarena, peretsonalki ongi ezagutzen duen faszismoarena. Bere betekizuna, gurean, zeharo aldatu dela ez du onartzen. Vaticano II.aren miraguneak aspaldi argitu ondoren, elizak bere misioa egokitu behar du bere baitan sekta berriei bide emanez. Besterik gabe.

Erreketeek paparrean zintzilika zituzten eskapularioen “detente bala” haien garaia bukatu da. Orain poltsikoan “zoriontsua beti” jartzen duen kreditu-txartela nahi dugu gehiago. Orain Jaun bakar eta ahalguztiduna merkatua da. Ez dugu zerurik nahi, erosi nahi dugu mugarik gabe. Jainkoen aldaketa garaia dugu.

Pikutara Ratzinger, gora Ikea!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!