8719600510

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 3a, 00:01

Elixabete Garmendia

Gaurko argazkia ezagutzen duzue honez gero, Juan Kruzi ez zion ihes egingo, seguru. Gaurko argazkia ez da bakarra, argazki saila baizik; niri, futbolarien albumetako eranskailuak ekarri dizkit gogora, ze aurpegiak eta jantziak ezberdinak izan arren, zenbaki batek uniformetzen ditu denak.

Zenbakia osorik irakurtzea ezinezkoa egiten zait. Gero, Maddalen Iriarte lankideari eskatuko diot laguntza; izan ere, zenbaki luze eta korapilatsuenak ere zuzen-zuzen, nahastu gabe irakurtzeko gai da Maddalen, mikrofonoaren eta kameraren aurrean. Nik ez dut abilezia hori eta zifrak banan bana aletzearekin nahikoa dut: zortzi-zazpi-bat-bederatzi-sei-zero-zero-bost-bat-zero.

Horren atzean, badakizue honez gero, preso bat dago. Bistan da ez dela Joan Baezen kantako “el preso número nueve” hura; ezta ere munduari buelta eman zion beste hura, lau-sei-sei-sei-lau edo berrogeita sei mila seiehun eta hirurogeita lau zenbakiduna, hau da, Nelson Mandela. Arnaldo Otegi omen da zenbaki luuuze horren atzean dagoen presoa.

Preso horrek kalean egon behar lukeela, ez du zalantzan jarriko buru pixka bat daukan edonork; bere enegarren atxilo-aldi honek bahiketa bat dirudi beste ezer baino gehiago; hortaz, seguru jende askok jarriko diola aurpegia zenbaki aldrebesari. Horiek horrela, jakin-mina piztu zait: zer esan nahi ote du hamar digitutako zenbaki horrek? Zer kontatzen du zehazki? Zenbat preso egon diren Espainiako kartzeletan? Noiztik?

“Izarren argia” filma ikusi berri, Saturrarango espetxeko emakumeen istorioek oraindik dardarizoa eragiten didatela, bertigoa sentitzen dut amildegia dirudien zenbaki horretara begiratzean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!