Iritzia: Ibai berdeak eta mendi urdinak

Euskalerria Irratia 2010ko urr. 29a, 10:53

Gorka Bereziartua

 Berdez margotu zituzten atzo Euskal Herriko 18 ibai AHTren kontra protesta egiteko eta albisteen aurkezleak esan zuen “lauzpabost erradikal” baino ez daudela trenaren kontra, proiektuaren alde “lauzpabost oligarka” baino ez daudela ahaztuta. Ez espero horrelakorik albistegian: oligarkak “elite” bihurtzen dira gaueko notizietan, eta “estrategikoak” dira haien interesen alde diktatutako erabakiak; “garapena” lortze aldera, ezinbestekoak. Kontra? Lauzpabost erradikal, beti berdin, beti ezezka, beti pelma. “Zein aspergarriak” dio kazetari instituzionalizatuak: nahiago luke Hannah Montanari buruzko notiziaren bat egin., baina gaur ibaiak berde datoz eta AHT zer den begiratu behar izan du Google-en, erredakzio buruak hala aginduta. Zergatik, baina? Zer du atzoko ekintzak hedabide handietan azaltzeko, aurretik AHTren kontra egin den ia guztia isilarazi baldin badute? Kazetaritza fakultatean erakusten zuten zerbaitekin akordatu naiz: txakurrak umeari hozka egitea ez dela albiste; umeak txakurrari hozka egitea, aldiz, bai. Eta ibaia berde badator, hori albiste da. Lezio inportantea Mugitu! mugimenduak eman duena: korporazio handietako medioek badituzte ahuluneak; irudiarekin, ikuskizunarekin daukaten dependentzia, berbarako. Hori aprobetxatzen asmatuz gero, AHTren aurkako iritzi-giroa inoiz ez bezala zabal daiteke. Ea orduan nork esaten duen “lauzpabost” erradikalen kontua dela.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/10/bereziartua-berdea.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!