Iritzia: Ikusten ez den hura

Euskalerria Irratia 2010eko urriaren 26a

Elixabete Garmendia

Batzuetan, askotan, juxtu esaten ez den hura interesatzen zaigu; edo ikusten ez den hura; horixe dauka gaurko argazkiak: protagonistak falta dira.

Auzitegiko aretoan, aurreko aldean hiru epaimahaikideak, gizon bat eta bi emakume; alde banatan beste bi gizonezko, horietakoren bat fiskala izango da, bestea abokaturen bat; hor daude banderak ere, Espainiakoa eta ikurrina; mahai gainean kartoizko bi kaxa, sokaz lotuta, paperez beteak itxuraz; besaulki baten gainean jantzi batzuk; apenas beste ezer erakusten duen argazkiak.

Protagonistak falta zaizkio, akusatuak, Portu eta Sarasola torturatzeagatik epaitzen ari diren hamabost guardia zibilak. Atzo, telebistako irudietan, bilatu nituen, alferrik. Gaurko argazkian ageri diren horiezaz gain, baziren han abokatu gehiago eta baita kazetariak, argazkilariak eta kamerariak ere. Guardia zibilen arrastorik ere ez, ordea.

Kronikak dio beste ate batetik sarrarazi zituztela epaituak; entzuleen artean ere guardia zibil ugari zegoela; baina horiek ere ez ditugu ikusi.

Imajinatu egin beharko ditugu epaituak. Eta beti ere kronikak dioenari jarraituz, guardia zibilek deklaratu zutena irakurri ahala, imajinatzen ditugu pinotxo bezala, sudurra gero eta luzeago, gero eta luzeago…   Agian, horregatik ez dira sartu argazkian.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!