Txikiteroak eragileei
Adierazi EH ekimenari “ETA ez, ez gaituzu zurekin” goiburuarekin manifestazioa egin dezala proposatu dio EAJko presidente Iñigo Urkulluk. Besteei manifestazioetarako goiburuak proposatzeko formula berritzaile hori berehalakoan jarri da modan. Konparaziora, PSEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek Urkulluri berari eskatu dio antola dezala elkarretaratzea “ETA ez, ez gaituzu zurekin” ikurritz horrekin. Eredu horri jarraiki, Toñi Foroko buruak, Txikiteroak, hainbat eragileri berak hautaturiko leloekin protestaldia egin dezatela eskatu nahi die. Hona hemen proposamenak. EAJ: “Ez, ez dugu segituko jolasten bi aurpegi, bi arima edukitzera”. PSE eta PP: “Ez, hurrengo hauteskundeetan ez dugu tokomotxoa errepikatuko”. Eusko Jaurlaritza: “Ez, ez dugu jarraituko neurri identitarioak gauzatzen kosmopolitismoaren izenean”. Iruñeko Udala: “Ez, ez gara berriz barregarri geratuko Europako kultur hiriburutzarako hautagai moduan aurkeztuz”. ETB: “Ez, ez dugu albistegiak erreportaje funtsgabez betetzen segituko”. Euskaltzaindia: “Ez, ez dugu inoiz ergatiboa alboratuko”. Iruñeko ostalariak: “Ez, ez dugu basoerdien prezioa inoiz igoko”. Joan den asteburuko manifestazioan EAJren kontra oihukatu zutenak: “Ez, ez dugu elkartasuna eskatuko gero elkartasuna adierazten digutenei egurra emateko”. Euskal gizarte zibila: “Ez, ez gara berriz eroriko lehia alderdikoi eta kainitetan, eta halako une erabakigarrietan batzen gaituena nabarmentzen eta zatitzen gaituena baztertzen ahaleginduko gara”. Azken lelo luze, ia amaigabe horrekin, manifestazioa A-15 autobidean egin beharko da, pankarta zabaldu ordez, luzatuz.
Espainia, isolamendu diplomatikorantz
Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak dixit: “Gerta liteke ETAko kideek Venezuelan prestakuntza jasotzea Chavezek jakin gabe”. Venezuelako presidente Hugo Chavezek erantzun ez duena, eta gure uste apalean erantzun beharko lukeena: “Gerta liteke ETAko kideek Espainian torturak jasotzea Rubalcabak jakin gabe”. Auzitegi Nazionaleko epaileek diote iragan astean atxiloturiko The Organization-eko usteko kideek Venezuelan prestakuntza jaso dutela aitortu dutela. Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak erantzun du iradokiz atxilotuok torturatu dituztela. Horren kontura, Espainiako eskuin mediatiko eta politikoa kalaka batean ari da exijitzen Zapateroren Gobernuak enbaxadore venezuelarra Espainiatik bota dezala, eta bidenabar Espainiak Venezuelan duen enbaxadorea erretira dezala. Beste hainbat gaitan bezala honetan ere PSOEko Gobernuak men egiten badie atzerakoion eskaerei, eta aurrerantzean irizpide hori bera aplikatzen badu beste herrialde guztiekin, Espainia munduan isolaturik geratuko da. Nazio Batuen Erakundeak askotan salatu du Espainian torturatu egiten dela. Beraz, Zapateroren Gobernuak NBEko partaide diren 192 herrialdeekin apurtu beharko du harreman diplomatikoa. Tira, pentsatzen jarrita, akaso Espainiako eskuin politiko zein mediatikoa horretaz jabetuak dira eta horregatik exijitzen ari dira exijitzen ari direna; izan ere, Vatikanoa ez dago NBEn eta, beraz, Espainiak Vatikanoarekin besterik ez lituzke harreman diplomatikoak izanen. Esan gabe doa hori atzerakoi espainiarron oso gustukoa izanen litzatekeela.
Plastikoaren mintzoa
Amaitzeko, gaur, tutti-fruttirik ez. Amaitzeko, gaur, mazedonia, aldatze aldera. Bat: Atzo, Benemerita Eguna Iruñeko Ziudadela parkean. Alimaleko festa. Iruñeko Udalak hainbatetan debekatu du Sortzenen festa zein Nafarroa Oinez jaia Ziudadelan egitea. Guardia Zibilari, aldiz, baimena eman dio atzo parke horretan ate irekiko jardunaldia. Bistan da guztiz zentzuzkoa dela. Sortzenekoek eta ikastoletakoek ekintza guztiz subertsiboak egin nahiko zituzten: pailazoak, gaztelu puzgarriak, txokolate janak. Horrelakoek gure haurren heziketa betirako desbidera dezakete. Institutu Armatuak, berriz, askoz ekintza pedagogikoagoak gauzatu zituen: haurrei porrekin, gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetekin, metrailetekin jolasteko aukera eman zien. Batzuei irudi biziki hunkigarria iruditzen zaie, urtero haien egunkariaren azalera eramaten baitute armaturiko haurren argazkia. Bi: Contador txirrindulariak klenbuterola ez ezik normala dena baino plastiko tasa handiagoa omen zuen odolean. Hor nonbait irakurri dugu hortik eratorri behar dela badela plastiko tasa normal bat, hau da, guztiok odolean plastikoa daukagula. To eta no. Aspaldidanik iruditzen zitzaigun gure bazter hauetan hainbatek bihotza plastifikaturik zutela. Ez genekiena, guk metaforatzat jotzen genuena egia berdaderoa zela, literalki. Hiru: klasiko bat gurean. Zenbat gustatzen zaigun euskaldunoi batasunarekin loturiko izenak jartzea zatiketa eragiten duten ekimenei. Nola deituko Egibarrek haren alderdian sekulako liskarra eragiten ari den txostenari, eta “Batu gaitezen”.
(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak urriaren 10ean Berrian argitaratua)