Iritzia: Formula ez magikoa

Euskalerria Irratia 2010ko urr. 5a, 20:20

Anuska

Atal hau egiten hasi nintzenean asmo ezin hobearekin hasi nintzen: lagun bereziak aurkeztu nahi nituen, zerbait irakatsi didaten horietakoak, trebezia edo ohitura onekoak, eta gaur, atzera begira, konturatzen naiz, askotan guztiz kontrakoaz hitz egin dudala, haien akats eta gabezietaz. Eta egia da horietatik ere ikasten dela, baina... Eta gainera udazkena da, eta gainera nire bikotekideak utzi nau. Eta horretatik ere ikasi behar, eta burua horretan daukat, nire burua nirean, eta ez nago nire lagunei aholkuak emateko tenorean; norbaitetaz hitz egitekotan, nitaz egin beharko dut gaur.

Gaur nire alde onak ikusteko beharra dudalako. Esan bezala, nire bikotekideak utzi nau eta begira, kuriosoa da baina ez nago bere alde txarrak azpimarratzeko gogoz. Egin ahal nuen eta goitizen baten pean kritikatu, nire haserrea atera, nire frustrazioari bidea eman, baina ez. Ez zait ateratzen, edo jada haserrea gainditu dut eta hori izan daiteke nire alde onetako bat: haserrea gainditzeko borondatea. Eta nire formularen berri emango dizuet: erraza da teorian, zailagoa praktikan, baina trebatze kontu bat da, ahaleginak eginez gero, eta bide okerrak behin eta berriro baztertuz gero, emaitza ematen duena: ulertzea.

Ulertu. Ulertu zer gertatu den, zergatik, bestea ulertu, baina, batez ere, nire burua ulertu. Eta pausoak hauek izan daitezke: lehenengo zer gertatu den ulertu. Hori lortzeko atzera egin, egunez egun eta gauez gau. Azalean gaude oraindik, haserrea handia da. Xehetasun txikiak gogora etorri eta esanguratsuak bihurtzen dira: bere aitzakiak, berandutzeak, detaile faltak ikusten dituzu eta mingarriak dira, gertatu zirenean bezainbeste, edo gehiago.

Zergatia ulertzea da hurrengo pausoa. Eta lehenengo gauza, zure haserrea ulertzea da: zure erreakzioak eta minak, zergatik zeu ere hoztu zinen, zergatik zure urduriak eta jelosiak. Eta logikoak aurkituko dituzu. Ondoren, gauza zailenetako bat: bestea ulertzea, bere zergatia ulertzea. Hor edozein gauza topa dezakezu: asperdura, beste bide bat hasteko beharra, konpromiso hartzeko ezintasuna... Askotan ez duzu erantzuna erraz aurkituko eta hoberena duzu galdetzea. Pauso honetan oso garrantzizkoa da bestearen jokabidea: zintzoagoa bada are errazagoa zuretzat. Horretarako, haserrea etxean utzi eta giro  lasaia sortzea da lagungarriena. Halere, besteak ez badu laguntzen, bakarrik egin beharko duzu bidea, eta erantzun bat asmatu, errealista eta sinesgarria. Azken finean, maite duzun hori ezagutzen duzu, ezta?

Azken pausoa zailena da baina inportanteena. Hori gabe aurreko lan guztiak ez du merezi, egia esan. Zu zeu ulertzea. Gehienetan aurreko pausoekin konformatzen gara. Norbaitek uzten bazaitu bera da erruduna eta zu, biktima. Baina hori ez da haserrea gainditzeko modua, eta esan bezala, nik haserrea gainditzea nahiago dut. Tristura bai, izan daiteke, baina haserrea ez da osasungarria eta nik asko maite dut nire burua, beraz...

Zu zeu ulertzeko, bikotean bizi izandako esperientzia aztertu behar duzu. Zergatik hasi zinen, zer espero zenuen, zure itxaropenak bete diren edo ez, eta noraino, zer ikasi duzun, noraino iritsi nahi zenuen, zergatik pertsona horrekin, noiztik eta noiz arte, zein aukerak zenituzten eta zeintzuk ez, zer eman dizu harremanak, zer ez dizu ematen jada. Eta orduan, erantzunak bilatzen, ulertzen hasiko zara, eta zure haserrea gutxika gutxika desagertzen joango da, eta gero aukera berriak irekitzen, eta bueno, gero ez dakit, horretan nago, ikasten etengabe. Eta nire alde onak bultzatzen, behar dudalako.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/10/anuska.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!