Txina-Txina, Txina-Txina, diruaren hotsa

Euskalerria Irratia 2010ko urr. 4a, 11:52

Udaberriko lau biribilkitxoren truke

Shangaiko Erakusketa Unibertsalean, badira zoriaren galletak saltzen dituzten hainbat janari postu, eta galleton barruko papertxoetan, hiru mezu ezberdin aurki daitezke: “Maitasunean arrakasta izanen duzu, kurrilo ar dantzari onak kurrilo emearekin nola”, “Loto-loreak baino osasun hobea izanen duzu” eta “Txinak zure lurraldean auto elektriko fabrika zabalduko du”. Are gehiago, janari postuotan udaberriko lau biribilkitxo erosten badituzu, bi opariren artean aukera dezakezu: Shangai 2010 goiburudun kapela ala Txinak zure lurraldean ibilgailu elektrikoak egiteko lantegia zabaltzeko egitasmoa. Egia esan, ez gara Shangain izan, eta Olatz Simonen EITBko kronika mamitsuetan -Luistxo Fernandezek dioenez, EITBk informazio hobea eskaintzen du Txinako gizarte gaiez Euskal Herrikoez baino- ez dugu halakorik entzun. Baina hala irudikatzen dugu, Eusko Jaurlaritzako zein Nafarroako Gobernuko ordezkariek azken egunotan Txinara egindako bisitek emandako fruitua ikusita. Batzuk zein bestetzuk lorpen berarekin itzuli dira: Txinak gurean auto elektriko fabrikak zabaltzeko egitasmoa, hori bai, zehaztasun handiegirik gabea eta, seguru aski, Errioxako zein Goi Alpeetako agintariek Shangai bisitatuz lortu dutenaren berdina. Txina, mirari ekonomiko zein politikoen lurraldea. Nafarroako Gobernu eskuindarreko Ekonomia kontseilari Jose Maria Roig zer eta gorri azaldu da Shangain, aldarrikatuz haien banderen kolore gorriak batzen dituela Txina eta Nafarroa. Aspaldiko kantuak dioenez, bandera rossa la trionfera. Txina, urtero milaka eta milaka laguni heriotza zigorra aplikatzen dien lurraldea. Ziur Patxi Lopez lehendakariari lurralde guztiz normalizatua iruditu zaiola. Kanta zaharra gaurkotuz, Txina-Txina, Txina-Txina, diruaren hotsa.

Poliziak The Organization-ekoak dira

Ostiralean, Goñi Tabernan, pozik irakurri genuen BERRIAn Udalbiltzaren epaiketan gertaturikoaren kronika. Poliziaren perituek aitortu zuten ezin dela frogatu Udalbitzaren eta The Organization-en arteko loturarik: auzipetuentzat ilun genekusan panorama argitzera zetorren itxaropen izpi ustez indartsua. Horretaz ari ginela, Txikiteroa, beti bezala, labur baina sakon, oso sakon mintzatu zitzaigun: “Perituak The Organization-ekoak dira”. Aho bete hortz utzi gintuen, zioena ezin ulertuz. Lauzpabost segundoz mastekatu zuen egoera, plazer handiz. Jarraian, azalpen luzeago eta ulergarriagoa eman zigun: "Oso argi dago. Batasunak The Organization-en helburuekin bat egiten duenez, Batasuna The Organization da. Eta Batasunak Udalbiltzan parte hartzen duenez, Udalbiltza ere The Organization da. Beraz, Udalbiltzako auzipetuen helburua absolbituak izatea denez eta perituek helburu horren alde egin dutenez, bistan da perituek The Organization-en helburuekin bat egin dutela eta, hartara, perituak The Organization-ekoak direla”. Logikarik ez zaio falta, erran nahi baita logika polizialik, judizialik, ustelik. Askapeneko zazpi kide espetxera eraman dituen logika berbera. Sarekadak utzi duen gauza on bakarra, pankartaren batean irakurri dugun goiburua: “Askapena askatu!”. Erredundantzia paradoxiko bezain poetikoa, bizi gaituen egoera ederki islatzen duena, “Debekatzea debekatuta” sona handiko haren lehengusu propioa, atzoko manifestazio jendetsurako lelo aproposa. Asteazkenean, Espainiako Poliziak beste hiru lagun atxilotu zituen, The Organization-eko kideak zirela egotzita. Bi mezu argi. Bat: Estatuak, meniarik ez. Bi: poliziek, grebarik ez.

Igandeetan Jai Herri Ekimena

Amaitzeko, tutti-fruttia. Bat: Goñi Tabernan, Igandeetan Jai Herri Ekimena sortu dugu. Honako hau da haren lehen oharra, eEuskal Herrian bizi dugun prozesuko eragile guztiei zuzendua: “Arren, otoi eta faborez, utzi agiriak, adierazpenak, elkarrizketak igandeetan plazaratzeari. Bestela, gure igandetako, gure Serio Demonio hauetako gogoetak zahar geratzen dira kioskora heldu orduko”. Batek daki lerro hauek argitaratzen ditugunerako zer demontre gertatu den, Ana Rosa Quintanak The Organization-i elkarrizketa egin dion, Bruselako adierazpenaren sinatzaileek berretsi dituzten Gernikako Adierazpenean bildutako Altsasuko Adierazpeneko Iruñeko Adierazpenari buruzko aipuak, Brian Currinek Athleticeko hamaikakoari buruzko haren iritzia ezagutarazi duen... Bi: Donostiak aurrera egin du Europako Kultur Hiriburu izateko lehian. Iruñeak, ez. Ez zuen merezi, epaimahaikideen zein gure ustez: Iruñeko kultur politika instituzionala negargarria da. Iruindarroi kultur alorrean geratzen zaigun kontsolamendua, gizarte zibil bizia dugula, hautagaitzaren aurkako paskin burutsuak egin dituena, jite bereko antzezlana sortu duena. Horretaz ari ginelarik, Txikiteroa, beti bezala, labur baina sakon mintzatu zitzaigun: “Donostian gehiago mugitu dira, manifestazioak ere egin dituzte”. Dedio, jada horretan ere ez dugu irabazten: Iruñea, Europako Gristasunaren Hiriburua. Hiru: amaitzeko, hor nonbait irakurririko galdera: zenbat orrialde, zutabe, iritzi artikulu eskaini dizkiote Madrilgo egunkari eskuindarrek greba eguneko piketeen ustezko indarkeriari eta zenbat urtean ehunka hildako eragiten dituen lan segurtasun faltari?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!