Lehendakari Saindua

Euskalerria Irratia 2010ko ira. 24a, 11:11

Konstituzionalismoa, barrikadan

Gero eta gertuago dira 2011ko udal eta foru hauteskundeak eta, Serio Demonioren erredakzio nagusira -hau da, Goñi Tabernan- iritsi zaizkigun informazio fidagarrien arabera, kanpainan sintonia elektoral bera erabiltzea adostu dute alderdi konstituzionalista guztiek. Abestia Barricada talde txantrearraren bat izanen da: No hay tregua. Hainbat casiotone bertsio prestatu dituzte jada, Lopez, Basagoiti, Barcina, Jimenez, Zapatero, Raxoi, denak sintonia horrekin azaldu ahal izateko haien jarraitzaileen aurrera. BBCk The Organization-en adierazpena ezagutarazi zuenetik horixe da behin eta berriz errepikatzen ari diren goiburua, zentzu bitan gainera: batetik, The Organitation-en adierazpena ez omen da egiazko su etena; bestetik, Estatuak ez ei du su-etenik eman behar. Esan gabe doa guztiei -goi kargudunez ari gara, jakina, ez bizkartzainaren itzal makabroarekin bizi behar izaten duten herri txikietako hautetsiez- ederki doakiela su-etenik ez izatea, hemen Ajuria Enea ez galtzeko, han boto mordoa ematen duen euskal gatazkaren komodina ez galtzeko. Beraz, alderdi konstituzionalistak interes elektoralisten arabera jokatzen ari dira. Abertzaleak, jakina, ez. Alderdi abertzaleen helburu bakarra Euskal Herria altxatzea da. Bereziki, alderdi abertzale eta ezkertiarrena. Euskal Herria altxatzea, horixe besterik ez dute buruan Batasunak, EAk eta Aralarrek edozein agiri adosteko sestran hasten direnean. Batzuek idazkia itxita aurkezten dute, eta ez dute ekarpen ñimiñoena onartzen. Bestetzuek ezadostasun punturik ñimiñoena ere baliatzen dute agiria ez sinatzeko. Eta denok, jakina, Euskal Herria altxatzea besterik ez dute gogoan. Jarrera eredugarri horretatik eskatzen digute herritarroi, gizarte zibilari, haiekin bat egiteko. Ilusionagarria, zinez.

Patxi Lopez zurekin eta zure izpirituarekin

Euskal elizan ez dago zisma arriskurik. Hala adierazi du Bilboko apezpiku berri Mario Izetak. Hala bada, eliza euskaltasuna galtzen ari da, euskal arima modu banaezinean loturik baitago zatiketarako joerarekin. Horren erakusle, EAJ-EA-Hamaikabat, UPN-CDN-PP, AEK-IKA eta abar. Agian, hain justu zatiketa falta horretan datza elizaren krisiaren, mezetara gero eta jende gutxiago joatearen zergatia. Agian, berpizteko, euskal elizak zatitu beharko luke. Zatituz gero, Izeta, Munilla eta enparauen zismak Erresuma Batuko protestanteen ereduari jarrai liezaioke. Han, erregina da elizako burua -ama saindua?-. Hemen, lehendakaria izan liteke. Izan ere, Lopez dagoeneko aita saindu rol horretan zeharo murgildurik dakusagu. Ongiaren eta gaizkiaren gainetik balego bezala hitz egiten du. Konparaziora, aste honetan, giza eskubideen inguruan pontifikatu du. “Kontraesan odoltsutzat” jo du The Organization-ek eta “haren inguruak giza eskubideak aldarrikatzea erailketa politikoa justifikatzeko”. Eliz guztiek bezala, Lopezenak lehendabizi haren dogmak -gezurrak- sortzen ditu, eta gero haien gainean eraikitzen du bere diskurtsoa: bistan denez, egiazki alimaleko kontraesana dena da norbaiti talde armatu baten erailketa politikoak justifikatzen aritzea leporatzea zergatik eta manifestazio batean giza eskubide guztiak, bizitzekoa barne, aldarrikatu nahi duelako. Bestalde, Batasuna, Aralar, EA, ELA eta Lokarri The Organization-en ingurua badira, noraino iristen da GALen ingurua?

Mayor Orejaren mintzoari, amen

Pentsatzen jarrita, Lopez eliz berriko aita saindua baino gehiago izan liteke, mesias berria hain zuzen ere, gero eta doinu mesianikoagoa baitu. Euskobarmoetroaren aitzinean esan ohi duena, horren erakusle ezin hobe: “Ni gauzak ongi egiten ari naiz. Arazoa da herritarrek ez dutela ulertzen. Baina lasai, aurki normalizazioaren argia ikusaraziko diet eta”. Gainera, Lopezen apostoluek berari buruzko profeziak egiten hasi dira: “Lopez da herri honetara bakea ekarriko duen gizona”, iragarri du Egigurenek -Judas bat, haren hainbat alderdikideren arabera-. Nolanahi ere, ez da Lopez gure inguruan aurki daitekeen profeta bakarra. Hor dugu Mayor Oreja mirari egilea: Jesukristok ogiak eta arrainak nola, hala biderkatzen dituzte Mayor Orejak eta haren jarraitzaileek tranpak. Dena da tranpa: su-etenak, adierazpenak, manifestazioak... Orain, kasu, -Javier Vizcainok zutabe bikain batean ohartarazi duenez- atxiloketa-tranpa asmatu dute. ABC egunkari madrildar eskuindarreko editorial egile orejazaleak Ekineko ustezko kideen atxiloketaren harira idatzitakoaren arabera, “akatsa litzateke ETAren sikario politikoen aurkako kolpe honen helburua izatea batasunoen inguruko posibilistak babestea”. Hau da, atxiloketa-tranpa izan daitekeela. Hala bedi. Amen Jesus. Edo amen Mayor Oreja-. Erran nahi baita -kosta egiten da hau idaztea- nahiago genukeela Mayor Orejak arrazoia edukitzea! Hau da, egia izatea The Organization eta Espainiako Gobernua negoziatzen ari direla, dena adosturik dutela.

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak irailaren 19an Berriako Igandea gehigarrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!