Iritzia: Esan gabe doa

Euskalerria Irratia 2010ko ira. 23a, 20:36

Josu Jimenez Maia

Esan gabe doa. Ez da berdin testu bat irakurtzea edo irratian entzutea. Ez da berdin irakurtzea testu bat etxeko sofa goxoan, edo ohean, edo hondartzan, eserita lasai asko... Ez da berdin testu bat patxadan irakurtzea ala testu bat irratiz jasotzea. Ezinezkoa da berdinak izatea.

Bost minutuz nire hitzak entzun behar dituen Euskalerria Irratiko entzule preziatua zaren hori baliteke aldi berean harrikoa egiten egotea, edo nire hitz hauek jasotzen ari zarelarik autoa gidatzea izatea irailak 22 dituen arratsalde on honetan. Lehen kasuan bada, ur txorrotaren interferentzia hor dago, gure arteko komunikazioa oztopatzen edo. Bigarren kasuan bada eta une honetan autoan bazaude, erreparatu seinaleei eta ez galdu arreta, ez baitut istripurik sortu nahi. Baina ez itzali irratia, mesedez.

Esan gabe doa, guztiarekin ere nire hitzei erreparatzea aukeratu baduzu, jakizu enaizela (sic) gehiegi luzatuko. Iragarritako bost minutu horietako bat joan da dagoeneko eta ez naiz galduko alperrikako (sic) bideetan. Eta alperrikako (sic) bideetan esan dut -eta, esana badut, esan dut-  idatzizkoan alferrikako idatziko nukeen arren. Baina, badakizu, ahozkoan barkagarria izaten da idatzizkoan barkaezina dena. Enaizela (sic) luzatuko esan dut, ez naizela luzatuko idatzia dudan arren. Eta ahoz etenak -eta eztenak- egiten ditugu, eta digresioak, eta errepikapenak... Esan gabe doa.

Baina denbora aurrera doa eta noan harira. Labur esateko, esan nahi dudana hauxe da: batzuetan idatzizko testuak entzuten ditut irratietan eta idatzizkoak direla gehiegi nabaritzen da, akats linguistikorik gabeak, baina, era berean, hotzak, zurrunak, esklerotikoak,  “gatzipe” esango genuke.... Esan gabe doa, hor ardura handia daukagu irratiz hitz egiten dugunok. Ezin da irratian hitz egin idatzizko testu huts bat eginda. Idatzizko testu hutsak irratian  huts egiten du. Idatzizko testua irakurtzen dugunean irratian, oro har, azkarregi irakurtzen dugu: azkarregi, aukeran. Erritmo aldaketak egin behar dira. Eta isiluneak. Ahozkoak baditu bere legeak, idatzizkoak ez dituenak, eta gaurko nire gogoeta honetan saiatu naiz aplikatzen.

Bukatzeko, ez dakit lortu dudan bost minutu hauetan harrikoa egiten ari denaren edo autoa gidatzen ari denaren atentzioa erakartzea. Lortu badut, ur txorrota eta zirkulazio arazoak gorabehera, seinale ona. Lortu ez badut, hurrengoan hobeki egiten saiatuko naizela hitz ematen dut. Eskerrik asko Arratsalde.on saioan tarte hau hirugarren urtez eskaintzeagatik eta eskerrik asko, batez ere, zuri, Euskalerria Irratiko entzule preziatua zaren horri.

Hori da denboraldi honetako lehen saioan esan nahi nuena. Esan gabe joan da.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/09/arr086001.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!