Iritzia: Aureola

Euskalerria Irratia 2010ko eka. 10a, 19:28

Angel Erro

Baudelairek berak dioenez, behin bulebarra zeharkatzen ari zela, Parisen, puntako orduan, aureola galdu zuen. Bere burua karrozez eta zaldiez inguraturik ikusi zuen, kaos mugikor zoroan, non heriotza bazter guztietatik lauhazka bizian heltzen den. Ataka horretan, mugimendu zakar batez, aureola lurrera erori zitzaion eta ez zen atzera hartzera ausartu. Bizitza baino nahiago izan zituen intsigniak galdu. Orduz geroztik, konturatu zen, incognito ibiltzen ahal zela, galdukeriatan aritu, ekintza makurrak burutu, Burger Kingetara sartu, hilkor xumeak bezala, inork ezer aurpegiratu gabe. Ez zuen, beraz, komisaldegira jo, lagunek aholkatzen zioten bezala, galera salatzera, ezta gauza galduen bulegora ere. Horren ordez, barrez hasten zen poeta txar batek aureola aurkitu eta jantziko zuela irudikatzen zuen aldiro. X eta Z-rengan pentsatzen zuen bereziki.

Baudelaireri adituta, argi dirudite aureolarik ez eramateko abantailek. Baina, zertarako engaina, arras osagarri ederra da aureola ongi eraman bat, guztiarekin konbinatzen du, baita (hau Baudelaireren ondoren jakin zen eta bereziki hari esker) bohemiar izaerarekin ere. Gainera, hain dira merkeak!

Demagun norbait Alde Zaharreko kale batetik edo parke batetik paseatzen (flânatzen) ari dela, hilkor xumeak bezala, eta bat-batean iristen zaio guztia kaka hutsa delako sentsazio leun bat, orduan burura eraman dezake eskua, aureola doi-doi ukitu eta bera salbaturik dagoela sentitu, bera artista delako: musikaria, poeta, nobelista, bideo artista berlindarra, egunkari bateko zutabegilea. Egia bada idaztea (idaztea, adibidez) limonada prestatzea bezain ekintza duina eta humanoa dela, bezain ezdeusa eta aspergarria dela (gehitzen dut nik), zergatik hainbesteko zalaparta?

Nik susmoa dut, gainera, idatz kontuek gizarte errealean garrantzia galtzen duten bitartean, eta heinean, idazle jendeak bere burua nabarmenago eta ageriago jartzen duela. Idatzitakoa saldu beharrean, zerbait saldu behar bada, norberaren burua saldu beharko balitz bezala. Eta bere burua jeniotzat eta bakantzat daukan pertsona bat jasan behar izatea kultur jarduera bezala ez da oso kilikagarria, Felix de Azúaren arabera, eta bai aspergarri xamarra karitate lan bezala. X eta Z-rengan bereziki pentsatzen ari naiz.

 [audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/06/aureola.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!