Gaur nire lagun baten sofaz hitz egingo dizuet. (Nire sofa ere oso laguna dut, baina Mikelena da gaurko protagonista).
Kontua da pasa den astelehenean, Mikelen etxera joan nintzenean, sofa aldatuta zegoela. Irribarrez aurkeztu zidan: -Begira, zer iruditzen nire sofa berria?
Begira gelditu nintzen, berak agindu bezala, eta oso polita zela esan nion. Bere ezaugarriak erakutsi zizkidan: eserleku hedagarriak, bizkarralde erasgarria, kolorea, tamaina; bere egongelarako oso egokia iruditu zitzaidan. Ondoren, esertzera animatu ninduen, eta nik, ezagutu berriarekiko lotsaz, egin nuen. Handik gutxira, hankak luzatu nituen, oso erosoa zen. Alai zegoen nire laguna, eta ni, berarengatik. Baina bestearekin akordatu nintzen. Ordu luzeak emanak genituen lehen zeukan sofan pelikulak ikusten, edota hitz egiten, parrez gehienetan, eta negarrez batzutan, eta berriro ikusiko ez nuelako halako malenkonia apur bat sentitu nuen.
-Eta bestea? Zer egin duzu sofa zaharrarekin?
-Goizean eraman dute Emausekoek.
Eta imajinatu nuen nola hartuko zuten eta nola eramango zuten, eta imajinatu ere imajinatu nuen Mikelek eta bere sofa zaharrak nola pasako zuten bere azken gaua. Umorez baina kuriositatez ere, galdetu nion:
-Agurtu al zara? Zenbat urte eman dituzu berarekin?
-Hamar -esan zidan serio. Bion buruetan piztu ziren azken hamar urteko pasadizo ezberdinak. Batzuk, biok elkarrekin igarotakoak, eta beste askok, sofarenak batez ere, berak bizi eta nik entzunak edo irudikatuak. Ez dit den dena kontatzen Mikelek -esaten den bezala, oheko sekretuak ohean gelditzen dira, eta sofako batzuk, nola ez?-, baina gertutik bizi izan ditut berak bizi dituen harreman eta bakardadeak. Gogoan dut, adibidez, etxera behin eraman zuen neskarena. Telefonoa hartu zidan berarekin sofan zegoela, dakizuena egiten, eta nola moztu nion afera... edo affeira, hobe esateko.
Bion buruetan baina, beste istoria bat zegoen, aspaldian komentatzen ez genuena: bere sofan ordu gehien eman zituen neskarena. Mikelek presente egin zuen esaldi labur batez:
-Aldatu beharra nuen. Badakizu sofa horrengatik zenbateraino gelditua zegoen nire bizitza.
Mikelen bizitza ez, berarekin urte batzutan bizi zen neskarena baizik. Orindik min ematen dit gogoratzeak. Larunbat askotan arratsaldeko azken orduetan Mikeli deitzen nion, eta ahots apalez mintzatzen zitzaidan: -Ez, ez dut uste aterako garenik. Nekatuta dago. Orain esnatu eta, agian, deituko dizut. -Eta ez zidan deitzen.
Goizak eta arratsaldeak ematen zituen sofatik altxatu ezinean, gogo faltagatik, depresioak jota. Ordu onak ere pasatuko zituen Mikelek sofa hartan, ziur nago, baina denbora luzean, sofa zahar hura gorrotagarria bihurtu zen haren begietan, isolatu baten eremua, Mikelek maite zuen pertsona zurrupatzen zuen putzu beltza eta bakartia.
Orduan imajinatu nuen berriro ere Emusekoek eramaten, oso urrutira eramaten ere, eta imajinatuz jarri ezkero, erretzen. Eta atseginago begiratu nion berriari.
-Oso oso polita da. Ondo egin duzu -esan nion Mikeli. Eta gorputza luzatu genuen biok, erlaxatuta, gainetik pisu handi bat kendu izan bagenu bezala.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/06/anuska-burut-mai.mp3]