Iritzia: Paradisua

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 28a, 07:35

Josetxo Azkona

Ez dakit gaurko kronika zer-nolakoa den: salaketazkoa?, eskandaluzkoa?, nire buruari lasaitu bat ematearen aldekoa?... Ziur, gaurko nire kontakizunak baduela zerbait aipatu ditudan hiru ezaugarri horietatik. Dena den, ez nuke nahi, inondik ere, nire hitzak demagogia merkez zipriztintzea. Gaurko gaia hain da aproposa hartarako! Lanean hasiko naiz, hortaz.

Erran ohi da, geroa -etorkizuna- haurren esku dagoela, haurra baita biharko egunaren protagonista eta gure altxorrik preziatuena. Bego horretan.

Haurrak izan gara guztiok lehenaldian, jakina. Eta, urteak joan urteak etorri, gainera, haurrak munduratu ditugu gutariko anitzek, neronek barne. Agian, zu, entzule hori, haur baten gurasoa zara, edo gurasogai. Hala bada, zorionak zuri!

Baina, egia al da haurtzaroa dela zorion-aldia, amestutako paradisua? Hala liteke, nondik begiratzen dugun eta zein haurrez mintzo garen. Zeren eta, Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko hainbat erakundek munduko haurren egoeraz dituen datu, azterketa eta balorapenak ezkorrak izateaz gain, samingarriak ere badira guztiz, baita granitozko bihotza duen lagun horrentzat ere.

Horra datu lazgarri horietako batzuk: 150 milioi haurrek lan egiten dute gaur egun munduko 102 herrialdetan, esklabo gisa kasik, edo kasik gabe, gehien-gehienak lan astun eta arriskutsuetan dihardutenak; eguneko 26.000 haur hiltzen dira munduan elikagai faltagatik; 70 milioi neskatxak zein emakume gaztek sexu-ablazioa pairatzen dute Afrikako 28 estatutan... Errandakoaz gain, tratu txarrak, sexu erasoak, haur soldaduak, ezkontzera beharturiko neskatxak, etxe duinik eta eskolarik ez edukitzea..., gaitz horiek ere sufritzen dituzte makina bat haurrek munduan zehar. Luzea da, bai, bidegabekerien zerrenda.

Jakina, haur horiek guztiak ez dira gureak, eta ez ditugu ikusten, ez eta ikusi nahi ere; eta haietaz arduratzeak, gainera, ez du ez ospe ez botorik ematen.

Beste kontu bat da, ordea -adibide bat jartzearren-, jaio ez den umeki horretaz kezkatzea, zeinaren amak -bere arrazoiak tarteko- abortatu nahi duen. Orduan bai, orduan hamaika agintari (gureak, errate baterako) eta milaka herritar zintzo gai dira, kasu, kalera atera eta bizitzaren alde daudela ozen oihukatzeko. Hipokresiak gaina egiten du halakoetan.

Haria bilduz: kaka-putza, beraz, kinka larriaren menpe, zabor artean bizi diren haur horiek dirauten bitartean, haurtzaroa paradisua delako ideia hori.

Ez, haur horiek, ez dira gureak, eta gainera -izan gaitezen egiazaleak-, bost axola guri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!