Iritzia: Euskaraz bizi nahi dugu

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 24a, 12:00

Aitziber Sarsola

Ezin izan diot eutsi. Larunbatean Iruñean ikusi nuen irudia ezin dut begietatik atera eta hori ekarriko dut gaur lerrootara. Larunbatean harro puntu bat sumatu nuen euskaraz bizi nahi dugunon artean. Hori ona da eta beharra ere badugu gainera; bagara eta adierazi egin nahi dugu gainera, ze arraio!

Berri onena Kontseiluaren galtzarbean euskalgintza bateratua ikustea izan da. Hori izan da argazkirik politena. Geure ezadostasun eta miserien gainetik gaitasuna erakutsi dute bai Kontseiluak eta bai bertako eragileek behar den uneetan erantzuteko gaitasuna izan badutela. Bizirik dago euskaraz bizi nahi dugunon herria eta horri bizkarra ematea ariketa nahiko irresponsablea iruditzen zait.

Baina honek aurrerako bidea behar du. Ezin gara kalera atera urtean behin indar agerraldia egin eta ondotik bakoitza bere bidera itzuli. Aurrera begira proposamen ausartak behar ditugu. Kontseiluak horretarako aukera paregabea eskain dezake; hor daude Behatokia eta Bai Euskaraz ziurtagiria. Horrelako dinamika helduak eta indartsuak sortu beharko ditugu etenik gabe. Gobernuaren oldartze eta itxikeriaren aurrean ateak irekiz joan piskanaka.

Sanzek esanan du berea. Oraingoan ez du esan zenbat bozka izan dituen, manifestartzaileak baino gehiago zirela eta halakorik. Indiferentzia agertu nahi izan du, baina, ziur ez diola grazia handiegirik egin. Betiko moduan azala urratzen dion gaia mahai gainean baitu. Guk aurrera egin behar dugu deus ere entzun nahi ez dutenen aurrean. Ekimenak indartu, berriak sortu eta aurrera bidea egin administrazioaren zain egon gabe. Baina, horretarako euskalgintzak indartsu behar du izan. Eguneroko arazoei, gai orokorretarako bidea ireki behar diegu. Une honetan Nafarroan euskalgintza egiten ari den lana ez da makala. Baina bidea eginez ireki izan dugu; eta orain ere bidea dugunari eutsiz eta dinamika berriak sortuz eta artikulatuz eginen dugu, ez bestela. Zorionak Kontseiluari egindako lan guztiagatik, zorionak beraz, Kontseiluko bazkideei egindako lanagatik. Baina jarraitu lanean elkarrekin mesedez, horiek baitira une honetan Nafarroan euskaraz bizi nahi dugunoi auspoa eskain diezaguketen bakarrak.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/aitzibersarasola20100521.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!