Hogeita bost urte geroago, hemen gaude irratiaren alde

Euskalerria Irratia 2010eko maiatzaren 24a

Hogeita bost urte bete dira gaur, Nafarroako Gobernuari Iruñerrian irrati euskalduna eratzeko lehen eskaera formala egin zitzaionetik, idazkia haren erregistroan aurkeztuz. Gaur, 25 urte geroago, 25 euskaltzalek beste eskaera bat aurkeztu dute erregistroan. Galdegiten dutena,  Nafarroako Gobernuak Euskalerria Irratiari baimena eman diezaiola behingoz, baina ez bakarrik analogikoki emititzeko, baita aurki indarrean jarriko omen duten sistema digitalean aritzeko ere. Gaurko eskaeraren aurkezleen artean, duela mende laurdenekoa sinatu zutenetako batzuk, 25 urteko gazteak, euskalgintzako zein kulturgintzako ordezkariak, Euskalerria Irratiko langileak, entzuleak, bazkideak, lagunak. Erregistroan eskaera aurkeztu dute, eta ekitaldira hurbildu diren kazetari ugarien aurrean, adierazpena. Jarraian, agiri biak.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/25urte.mp3]

Deskargatu

Eskaera

Jaun andere agurgarri horiek:

JOSE ANTONIO SOLANO ARRATIBEL  jaunak,   N.A.N. 15135548,  IRUÑEKO KOMUNIKABIDEAK S.A.ren kontseiluburuak, elkargo honen  ordezkariak

AZALTZEN DU

1. Iruñeko Komunikabideak SA  irratia, telebista eta bestelako entzun-ikusteko hedabideak instalatu eta ustiatzeko sortua izan zela,  beti ere euskararen erabilpenari eta sustapenari  arreta berezia egiteko asmoz.

2   Helburu horri begira, halako egun batean, duela 25 urteko  maiatzaren 24an, eskaera formala egin genion lehen aldiz  Nafarroako Gobernu  horri, ahalik  eta lasterren eman ziezagun  Frekuentzia Modulatuko   uhinen bitartez emititzeko baimena.

3  Orduko idazki hartan, Foru Hobekuntzaren Legeari aipu egin genion, zehazki 55. artikukuari,  horrek aitortzen  baitio  ahala eta eskumena Nafarroari bere lurraldean irratigintzari doazkionak arautzeko eta erabakitzeko.

4. Hogeitabost  urte iragan ondoren,  orduko eskari hari eutsiz  berriro zuengana jo dugu   oraino ez baita aintzat hartua izan Iruñerrian euskaraz ari den irratirako baimen eskea.

5. Baimena iritsi bitartean Euskalerria Irratia lanean hasi zen, 1988ko azaroan. Irratiaren arduradunak  behin eta berriro saiatu dira  emititzeko baimen administratiboa eskuratzen. Ezezkoa, ukapena izan da behin eta berriro Nafarroako Gobernuaren erantzuna.

6. Honako idazki honen  maiztasun modulatuko uhinen (FM) bidezko emisio analogikoan aritzeko baimena  eskatzen dizuegu,  teknologia modu hau heldutasun-arora iritsia baldin bada ere, guztiz baliozkoa eta eraginkorra baita oraindik.

7. Aldi berean,  emisio modu berriak iritsi  hurren omen  daudenez gero, bego egina  eskaera horretarako ere,  emisio  digitalerako baimena eta emakidaren eskaera; hala nola  entzun-ikusteko hedabideen arloan komunikazio publikoa egiteko beste edonolako sistemez baliatzekoa,  hoietarako baimenen beharrik izanen balitz  eta horri buruzko erabakia Nafarroako Gobernuari legokiokeen heinean.

8. Gisa  berean,  eskabide hau aintzat hartua izan dadila eskatzen

dugu Foru Erakundeetan  egin beharko diren  lege, arau  eta plangintzak zehazterakoan.  euskarazko komunikazioaren  beharrak aurreikusiak eta  aintzat hartuak izan daitezen eta hoietarako behar eta komeni adina  bitarteko, baliagai, kanal eta emakida prestatu   dadin, euskal jendeari zerbitzu egiteko.

ESKATZEN DU

Aintzakotzat eta ontzat hartua izan dadila  honako  idazki hau, eta, beraz, galdi bedi egina eskaera:

-FM ko irrati emisioen emakidarena, duela 25 urtetik hona  behin eta berriro eskatzen ari gatzaizkizuenarena.

-Aurki ezartzekoak omen diren teknologia digitalen edo bestelakoen bitartez emititu ahal izateko behar izanen diren baimen administratiboena.

Sinatzaile

Jose Antonio Solano Arratibel

Iruñean, 2010ko maiatzaren 24 an

Adierazpena

Euskalerria Irratiaren izenean  ari gara  Irratiari  partizipazioa eta sostengua eskaintzen dion EUSKALERRIA IRRATIA ELKARTEko kideak;  IRUÑEKO KOMUNIKABIDEAK elkargo eragilekoak;  Irrati entzule, kolaboratzaile, adiskide, lantaldeko kideak.

25 urte iragan dira Iruñerriko irrati euskalduna eratzeko eta abiatzeko eskaera formala Nafarroako Gobernuari lehen aldiz  egin genionetik.

Ordutik hona aldaketa handiak gertatu dira bai, baina badira orduan bezalatsu aldagaitz irauten dutenak:

Lehen bezala orain ere  beharrezkoa da,  komenigarria eta egingarria, Iruñerriko euskal jendearen  zerbitzuan ari den heda- eta komunikabidea.

Lehen bezala orain ere sendoa da hemen bildu garenon –eta beste aunitzen- konpromisoa eta deliberoa euskarazko komunikazio zerbitzua eskaintzeko ahaleginean eta borondatean.

Lehen bezala orain ere emititzeko eskubidearen aitorpena eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari, honi baitagokio emakida admnistratiboari buruzko erabakia.

Urteotan aldaerak eman dira gailu, tresna eta teknologian. Aldaketa gehiagoren bezperetan omen gaude. Nonalahi ere, maiztasun modulatuen uhinen bidezko emisioa (FM)  oraindik ere guztiz baliozkoa eta eraginkorra denez gero, zilegi  eta egoki zaigu gisa horretako emisio analogikorako emakida,  luzamendurik eta aitzakiarik gabe, eman diezagutela berriro eskatzea.

Iritsi hurren omen dago emisioen sistema digitala. Bada, horretarako  ere eskaera egin dugu: emisio digitalerako baimena edo emakida eskatu dugu, eta komunikazio publikoa beste edonolako sistemaz egiteko,  baldin eta  baimenen beharrik balitz, eta  horri buruzko erabakia  Nafar  Gobernuaren eskumenean  balego, horretarako, zer gerta ere, aldez aurreko eskaera formala egin dugu.

Iragan diren 25 urte luzeotan, Nafarroako Gobernuak   behin eta berriro ukatu dio Euskalerria Irratiari emititzeko eskubidearen aitorpena.  Nahiz eta egitasmoa guztiz arrazoizkoa izan; aukerak ugari izan dituen arren; ezin konta ahala izan diren arren ebazpenak eta adierazpenak, epaitegien sententziak, erakundeen aginduak eta gomendioak. Hoiei gu[E1] ztiei entzungor egin die Nafarroako Gobernuak.

Horra galdera airean nork bere iritzia ager ahal izan dezan:

Euskalerria Irratiarekiko duen portaera,  Nafarroako Gobernuak oro har euskararekin eta euskal jendearekin duen jokaeraren adibide huts ote da,  ala zerbait berezia, salbuespenekoa?

Mintza gaitezen.

Iruñean 2010eko maiatzak 24

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!