Iritzia: Zoriontsua izan nahia

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 18a, 11:00

Aitor Etxarte

Merced eta Javier kaleen kantoian aspaldiko laguna topatu dut. Ikasle gazteak izan ginen eta harro. Eraldatzaile jotzen genuen gure burua eta harro. Urteak pasa dira elkarren berri eduki gabe. Besarkada bero eta zintzoa eman diogu elkarri. Estimatzen nuen. Garaietan hurbil izan ginen gutaz hitzik egin gabe, hemen egiten dugun modura.

Gizarte eragile kementsua izan zen. Orain, erdi lotsaz aitortzen dit, dena utzia duela, sindikatu eta elkarteetatik urruti dela. Pobreziaren hedapena, eguneroko euskarafobia edo harremanen merkantilizazioa bere kontzientzatik ezabatu eta jardun pertsonalak egiten dituela esan dit. Zer da hori? Soinketa, irakurketa eta elikadura osasuntsua. Bere baitan bilduta dagoela dio. Zoriontsua izan nahi duela.

Gogoa ilundu zait. Despedida egin dugu. Beste bat, pentsatu dut. Hau da gure gizartearen gaitza: barnea eta kanpoa, nitasuna eta gizartearen arteko apurketa latz honetan kanpokoa lohituta dago, erabat, ematen du benetakoa barnean dagoela soilik. Kanpoan isiltasuna eta basamortua, besterik ez. Guztiaren iturri, erantzunen gordeleku, jakinduriaren liburua gure azalaren azpi-azpian ote dago? Hor barru-barruan, nonbait?

Slavoj Zizek filosofo ezagunak idatzi du:

Eremu guztiz pribatua babestu nahi dugunean, pribatua dena galtzen da. Gaur arlo pribatura erretiratzeak garaiko kultur industriak eskaintzen duena onartzean datza: barne espiritualtasuna aberasteko ikastaroak egitea edo soinketa lekura jotzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!