Erriberan euskaraz bizi nahi dute

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 11a, 13:39

Euskararen Legearen araberako eremu ez euskaldunean euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute gaur Tuterako Euskaltzaleok ekimeneko kideek. Erriberatik dei egin dute Iruñeko manifestazioan parte hartzera, larunbatean, arratsaldeko 17:00ean, Golem zinematokietatik abiaturik. Haien irudikoz, "kalera ateratzeko eta aski da esateko garaia da". Tuterako AEK-ko kordinatzaile Alizia Iribarren mintzatu da euskaltzale tuterarron izenean. Haren hitzak entzun ditzakeuzue gure grabazioan. Bidenabar, Kontseiluaren blogetik Oinatz Bengoetxearen protestaldiaren aldeko mezua hartu dugu. Kontseiluko buru berria, Paul Bilbao, Pasahitza saioan izanen dugu ostegunean, goizeko 10:30etan.

[vimeo=http://vimeo.com/11634315]

Hona hemen Tuterako Euskaltzaleok ekimeneko kideek gaur goizean Tutran egindako agerraldian irakurri duten agiria:

GUK ERE, EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU

Urte asko daramagu “Vascuenceren legea”ren ondorioak pairatzen eta gure hizkuntza den Euskara edo beste modu batez esanda, Nafarroako hizkuntza den “Lingua Navarrorum” Erriberan ilegala izaten segitzen du.

Kalera ateratzeko eta gizartearen eskakizuna, hots, Nafarroa osoan euskara ofiziala izatea, politikarien interesak gainditzen duela esateko garaia da.

Nahikoa dela esateko garaia da. Nafarroa bitan zatitzeko, Euskara erabiltzen duten politikariei, nahikoa dela esateko garaia da.

Erriberako euskaldunok gure eskubideak tinko aldarrikatzeko eta urratsak emateko eguna heldu dela uste dugu.

Instituzioetatik datozen aurrekontu orokorren apurren zain egoteko garaia bukatu da. Euskal komunikabideak itxi eta ilegalizatzeko garaia bukatu da. Euskara kriminalizatzeko garaia bukatu da.

Euskara bizirik dago eta ez diegu hiltzen utziko. Euskaraz bizi nahi dugu. Hemen ere, Erriberan, euskaraz bizi nahi dugu.

Udaletxeek, Nafarroako hizkuntzekiko ardura izatea, helduen euskalduntzea ahalbidetzea eta euskarazko hezkuntza-ereduak laguntzea nahi dugu.

Nafarra izatea ez da errioxarra, Aragoikoa edo soriakoa izatea. Ez gara ez hobeak ezta okerragoak ere, baina ezberdinak gara, Nafarrak gara eta beste gauza batzuen artean, besteek ez duten zerbait badugu: gure hizkuntza, Euskara. Hau erakusteko aurrerapausoak eman behar ditugu.

Euskara, 1512. urtea baino lehen, europar estatua izan ginenean hitz egin zen hizkuntza, San Francisco Javierrek irakatsi zuen hizkuntza, Fontellastik Baigorriraino eta Lezamatik Zarautzeraino umeek ikasten duten hizkuntza, Anapurnara igotzen den hizkuntza.

Euskara, gure hizkuntza  da eta maitatu, ikasi eta zaindu behar dugu.

Honengatik guztiagatik, Erriberako euskaldunok, bertako biztanleak animatu nahi ditugu, datorren Maiatzaren 15ean Iruñeako kaleetan GUK ERE, EUSKARAZ BIZI NAHI DUGULA esatera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!