Kalderete borroka

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 10a, 12:36

Salda badago

Aurrerantzean, Noaingo aireportuan, hegazkinera igo aurretik, bidaiariek metalak atzematen dituen uztarria ez ezik beste segurtasun uztarri berri bat igaro beharko dute. Opus Deiren unibertsitatean garaturiko puntako teknologia da, eta nazioarteko terroristek gerra bakteriologikoan darabiltzaten gairik arriskutsuenak atzemateko gauza da: patata, piperra, tipula eta untxi zein arkume haragia. Izan ere, horiexek dira kalderetearen osagaiak, eta hain justu horixe da nazioarteko terrirismoak zabaldu duen borroka fronte berria: kalderete gerra. Hala jakinarazi dute Iruñeko Udaleko prentsa bulegotik. Zabaldu duten oharraren arabera, zorionez Nafarroan oso aurreraturik gaude kaldereteen aurkako borrokan. Areago, mundu osoan Iruñeko Udaltzaingoa da kaldereteen aurkako unitate berezia duen polizia bakarra. Iragan asteburuan, unitate horrek polizia operazio ikusgarria gauzatu zuen Iruñeko Txantrea auzoko festetan kaldereteak egin nahi zituzten 3.000 trerroristen aurka: 20.000 litro ur bota zituzten, eremua lokazteko; farola zaharrak barreiatu zituzten, terroristak eroso egon ez zitezen; Iruñerriko Mankomunitateak jarririko zabor poltsa handiak kendu zituzten, terroristek haien kalderete hilgarriek utzitako arrastoak desagerrarazterik eduki ez zezaten. Operazio biribila, ia. Pena bakarra, terroristek lokatz guztien gainetik eta farola guztien azpitik berdin egin zituztela kaldereteak. Eta, gainera, “Barcina, asko gustatzen zaigu zure piszina” zioen pankarta umoretsua zabaldu zutela. Edonola ere, Iruñeko Udaltzaingoak kaldereteen aurka irmo borrokatzen segitzeko asmoa du. Eta, betiere prentsa oharraren arabera, Baluarten Interpolen goi bilkura antolatu behar du, nazioarteko poliziei kaldereteen aurkako haien metodoak azaltzeko. Dena oso barregarria litzateke, egin duguna bezalako txantxa egiteko guztiz aproposa, Iruñeko udal aginte taldeak auzi honetan egin duen erridikulua estaltzeko esan izan ez balu Txantreako Jai Batzordeko kideek terrorismoa sistematikoki goresten dutela, haien auzoko festetan zenbaitzuek presoen aldeko afixak zabaldu dituztelako. Beste behin ere terrorismoaren goresmenaren komodina. Beste behin ere auzia, eta auzipetuak, Auzitegi Nazionalean amaitzeko arriskua.

Larrialdi nazionala

Fermin Etxegoienen definizioaren arabera, Euskal Herria Pirinioen bi aldeetan forro polarra janzten duen herria da. Polarra daraman herria ez da inoiz hilko. Guztiok gara euskaldun, guztiok forro polardunak, nahiz eta marka ezberdinez, bat bera dugu janzkera. Mendiko arropa, horixe da XXI. mendeko euskal herritarron nortasun nazionalaren adierazpen gorena. Mundu posmodernoaren aurrean, matxinada estetikoa. Euskaldun jatorrok globalizazio burgesak inposaturiko janzkera pijoaren aurrean intsumiso. Krisiak, baina, arrakala zabaldu du gure goretex-dun armaduran. Gure mendiko jantzi intsumiso cool-ak ikaragarri garestiak dira, eta krisi garaiotan badira gero eta euskal herritar gehiago ezin dituztenak haien oinarrizko beharrak bete. Behar identitario estetikoez ari gara, jakina. Erran nahi baita ezin dituztela erosi 120 euroko goretex-dun mendiko zapatilak, 130 euroko thinsulate-dun mendiko praka partxedunak, 150 euroko forropolarwindblock-a eta, are larriagoa dena, ezin dutenak erosi, kasu, 300 euroko North Face-a! Ez dakusagu argi zein izan daitekeen irtenbidea. Agian denok Decathlon-eko Quechua azpimarka merkea erosi beharko dugu, Mikel Sotok merquechua deitzen duen hori. Baina nola demontre ariko gara poteoan mendiko jantzi merke horiekin? Termozigilaturiko kremailerarik gabe poteko, kaxako dirua galduko dugu. Zurito bat gainera erortzen bazaigu eta goretex-a kalitatezkoa ez bada blaitu eta izoztu eginen gara. Zortzimilakoak igotzeko moduko botarik gabe tabernetako komunetako lur labaingarrian irrist eginda komunzuloan behera amilduko gara. Euskal nortasunaren hondoratzea. Larrialdi nazionala. Gauzak horrela, orain arte bestelakoak esan ditugun arren, agian nahiago dugu egungo sistema kapitalista suntsitzailea ez hondoratzea eta finantza sistema lukularia berpiztea, guk geure marka oneko mendiko jantzi euskaldun peto-petoak, jator-jatorrak erosten segitu ahal izan dezagun.

Realarekin bat

Gipuzkoako Diputazioak milioi bat euro inguru emanen dizkio Realari haren elastikoan “Euskararekin bat” goiburua eramatearen truke. Kurioski, Gipuzkoako Diputazioak berak gutxi gorabehera milioi bat euroan murriztu ditu euskalgintzari ematen dizkion diru laguntzak. Oso neurri irudimentsua da, hizkuntz politikarenean ez ezik, beste alor askotan ere bide emankorrak zabal ditzakeena. Osasun arazoak daudela? Diputazioak ez dezala dirua alferrik gal ospitaleetan inbertituz, eman diezazkiola eman beharreko milioiak Realari kamisetan “Gaixoekin bat” jar dezan, eta kito. Edadetuek ez dutela behar bezala arreta jasotzen? Ez xahutu dirua zaharretxeetan, jo zuzenean Realarengana eta eman milioi batzuk haren jokalariek paparrean “Edadetuekin bat” esaldia eraman dezaten. Realaren elastikoan ikurritz gehiegi pilatzen direla? Arazorik ez. Kendu marra urdinak eta hartara mezuentzako toki gehiago izanen da. Gainera, mezuak hizki urdinez eta bertikalki idazten badira, apenas nabarituko den aldaketa. Apenas estekikoki, jakina, kirol mailan hobekuntza itzela izanen baita. Gipuzkoako Diputazioak modu burutsu honetan haren aurrekontu osoa Realera bideratzen badu, azkenean talde zuriurdinak Mesi eta Cristiano Ronaldo fitxatzeko moduan izanen da, goi mailako talde bilakatuko da eta Espainia, Europa zein mundu osoan lehiaketak irabaziko ditu. Modu horretan, elastikoko mezuak lau haizeetara zabalduko ditu, haien inpaktua itzela izanen da. Gainera, zer hobea krisiak kinka larrian utziriko gipuzkoarren animoa altxatzeko, haien bihotzeko Reala Europako futbolaren elitera eramatea baino? Zaldieroa eta biok hunkitu egiten gara “Euskararekin bat” mezua Valladolid, Zaragoza edo Santanderko futbo zelaietan irakurgai imajinatze hutsarekin. A ze aurrerapauso itzela euskararentzat! Txikiteroak beste ideia bat proposatu digu: euskalgintzako kideek jasotzea orain arte jasotzen zuten milioi hura gehi Realak Diputazioarengandik jasotzen dituen gainontzeko laguntza guztiak, haien kamisetetan “Realarekin bat” goiburua eramatearen truke.

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak maiatzaren bederatzian Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!