Aitor Etxarte
Maiatzaren 1ean Merced kalean gerra aurretik zegoen Casa del Puebloari begira izan nintzen. Ez du ez plakarik, ez oroigarririk. Memorian huts. Walter Benjaminek argitara eman gabe utzi zituen tesietatik bat Eric Sautnerrek landu eta kaleratu du hau esateko: orainaldietan gertatzen den jarduna iraultzaileak errepikatu eta zuzentzen du iraganean egindako saiakeraren hutsak, hauek sintomak dira eta iraultzak bertan mirakulua gauzatzeko gaitasuna dauka.
Erakutsi ziguten historian dena aurrera doala, zuzen eta gorantza, beti hobera eta sinistu ere, garai zaharretan baino hobe bizi garela eta etorkizunean, zer esanik ez, orain baino hobe. Zahar jakintsuek esan digute historia kiribiltzen dela, denetarik ezagutu dutela, garai emankorrak eta gosea. Haurrek historia egiteko errelatoak errepikatzeko premia dagoela eskatzen digute, besteak beste, Anbotoko Mariren ibilera berdinen pasadizoak hamaika aldiz entzuten duten bitartean. Helduok, hau kalamitatea, historia zatika, jauzika, orain ulergarri, gehienetan itsu eta gor, zatika ezin osatuz gabiltza. Historiaren hari nahasia, hauskor eta korapilatuak mataza ulertezina egiten dute. Ez gara gauza jakiteko.
Baina, batzuetan sikiera, ulertu dugulakoan gara, argitasun urdin-berezia gu geu aztoratu eta zerbaiten lekuko edo igarle garela sentitzen dugu esateraino: hau horrela izango da! Horri utopia deitzen zaio. Alde zaharreko kantoietan, adibidez, hainbeste frakasoen lekuko izan direnetan, egun batean argi-urdinak etorkizuna gurekin dela iragarriko du.
Pentsatu nahi dut, barne kontsolamendurako gutxienez, frakasatu diren egun ilunak ez direla ekintza ahaztuak, etorkizunean gauzatuko direlako Walter Benjaminek aldarrikatu zituen moduan.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/05/aitoretxarte201005031.mp3]