Iritzia: Lan egitea lan ez egitea baino garestiagoa denean

Euskalerria Irratia 2010ko mai. 10a, 12:12

Aitziber Sarasola

Gaurko argazkian kamioi zisterna bat dakusat. Kamioi zisterna honek esnea barreiatu du Madrilgo kaleetan. Parrastan bota dute esnea errepidera, beltza zen hori, zuri utziz. Nekazariek edo abeltzainek geure atentzioa deitu nahi izan dute beste behin ere.

Geure abeltzainak larrituta dabiltza, larrituta ageri zaizkigu behin eta berriz egiten dituzten agerraldietan. Esnea produzitzea egun, dirua galtzea omen da. Ez omen die merezi esplotazioa martxan izatea, dirua galtzen ari baitira. Geure landa, geure baserriak, gutxi diren honetan, egoera honetan ikusteak tristura ematen dit niri. Neure bizitokiak beti izan ditu behiak eta ardiak gertu eta orain, hori desagertzeko zorian dagoela jakiteak zer pentsa ematen dit.

Zein herri irudika daiteke abeltzain edo nekazaririk gabe? Gero eta neurri estuagoek eraginda, hesia estutzen ari zaio landa eremuari. Berez gogorra den bizimodua, are gogortuago ageri zaigu egoera ekonomikoa batere ona ez den garai hauetan. Lanpostua lortzea gero eta zailagoa da, baina okerragoa da esatea, lanpostua mantentzea gero eta nekosoagoa dela.

Sindikatuek kuotak eskatu dituzte, diruz lagundutako kuotak haiek dirurik gal ez dezaten. Dirulaguntza publikoetatik estaltzea proposatzen dute haiek eginen duten diru galera. Modu horretan, merkatuko prezioei eta presioei so egon beharrean, lasaitasunez lan egin ahal izatea. Hori neure ustez afera konpontzeko modua bada.

Baina neure ustean, beste arlo bat ere landu beharrekoa da. Arlo horrek badu izen zehatza eta Elikadura Subiranotasuna da. Hemen sortutakoa, hemen jatea alegia. Bada garaia guk, erosleok ere jaten dugunaren eta erosten dugunaren gaineko kontzientzia hartzekoa eta esnea erosi behar dugunean esaterako, bertan ekoitzi duen bati erostekoa. Ni gero eta gehiago ari naiz kontu honekin neure burua janzten eta kontsumitzen. Gehiago jakin beharko genuke zer jaten ari garen eta nondik datorren jaten ari garen hori. Hori neure ustez beste irtenbide bat da. Pasa egun on, entzule.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!