Fermin Erbiti
Pello Salaburu katedradunak eta Koldo Saratxaga enpresa aholkulari ospetsuak mahai inguru oso interesgarria egin zuten pasa den ostegunean San Fermin Ikastolan. Gaia: irakaskuntzaren egoera eta etorkizuneko erronkak.
Nolakoa da ongi hezitako pertsona bat? Horra hor arizkundarrak mahai gainean jarri zuen lehenbiziko galdera. Eta erantzunean honakoa esan zuen, gutxi gora behera: pertsona malguak behar ditugu, aldaketara egokitzen dakitenak, kolokan bizitzera ohituta daudenak. Lan taldean moldatzen jakitea ere ezinbestekoa da, besteari entzuten jakitea ere derrigorrezkoa dugu, hizkuntzak oso garrantzitsuak dira, baina ez aniztasuna edo elkartasuna baino garrantzitsuagoak. A zer diskurtso ederra! Ederregia, nire ustetan, soilik irakasleen esku uzteko.
Jakinmin handiko personak behar ditugu, eta ere hori piztu egin behar da, gure gaztetxoek kuriositatea galtzen badute gureak egin duelako. Bataz bestekotik behera gelditzen direnei lagundu egin behar zaie, ezin ditugu bazterrean utzi. Ikasten ikasi behar dugu, buruz ikasitako edukiak baino garrantzi handiagokoa da.
Eta ideia garrantzitsuena, nire ustez: garai batean irakaskuntza prozesua oso mugatua zegoen: eskola edo unibertsitatea uztean amaitzen zen formakuntza aldia. Gero eta erritmo biziagoan aldatzen ari den gizarte honetan, berriz, prozesua ez da sekula amaitzen, bizirik gauden bitartean ikasi egin behar baitugu.
Hizlariek aipatu ez bazuten ere, hona hemen azkena, sermoilari honek besteren bati lapurtutakoa: irakaskuntza ez da gastua, inbertsioa baizik. Eta, gainera, ez dago hori baino etekin handiagoa emanen duen inbertsiorik. Honek guztiak badu baina handi bat: izan ere, fruitu horiek epe luzean jasotzen dira. Eta gauza jakina da lau urtetik gorako epea behar duten xedeak bigarren mailakoak izaten direla politikarientzat. Porlana askoz eraginkorragoa da botuak lortu nahi dituenarentzat.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/ferminerbiti20100427.mp3]