Iritzia: Aparkalekuak

Euskalerria Irratia 2010eko maiatzaren 3a

Iñaki Irisarri

Aste honetan, gure agintari agurgarri horiek aparkaleku berri bat inauguratu dute Iruñean. Ospitale aldeko aparkalekua izan da, eta, egia esan, premia handikoa zen hirian.

Izan ere, goiz edo berant, Nafarroako jende gehienak pasatu behar izaten du alde horretatik, baita Nafarroatik kanpoko jende askok ere, eta denbora eta sufrikario galanta eskatzen zuen orain arte autoa inguru horretan aparkatzeak. Ospitaleetara joan behar izate horrek emozio bizi-biziak ekartzen ditu berekin, batzuetan gozo-gozoak, mundura etorri berria den bat ikustera joaten bagara, eta beste batzuetan garratzak edo ikaragarri garratzak, istripu edo gaixotasun baten ondorioz hurbiltzen bagara. Bada, orain arte bederen, emozio bizi-bizi horiei beti gehitu behar zitzaien ezin aparkatzearen sentsazio ozpindua, askotan une zailenetan sekulako nekea eragiten zuena. Alde horretatik, beraz, ziur asko hobera eginen dugu aparkaleku horrekin.

Kontua da, ordea, autoak ez direla inguru horretan aparkatu nahi diren zera bakarrak. Osasun Departamentuko aurrekontuaren murrizketak direla eta, ozpin urrina zabaltzen hasia da ospitale publikoko korridoreetan barrena, eta dudarik gabe, denbora kontua besterik ez da, ondorio larriak, eta beharbada latzak, izanen ditu horrek laster gaixoengan. Aurrekontu bat murriztea atzera egindako urratsa da, eta ez da soilik paper batean zenbaki bat aldatzea. Denbora baten buruan, paperean egindako aldaketa txiki horrek eragina du benetako munduan, eta horrek ondorio oso larriak ekartzen ditu. Nafarroako euskaldunok ongixko ezagutzen dugu hori, eta, horregatik, irribarre ozpindua agertu genuen, denok batera, euritakoak eta guzti maileguz emanen dituen aparkaleku ezin modernoagoa aurkeztu zigutenean.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/05/irisarri-ap-28.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!