Altsasu-Brusela-Iruñea
The Organization-eko Aitor eta Asier, pisu frankoan. Aitor egunkaria irakurtzen ari da, sofan eserita, Asierrek bazkaria prestatzen duen bitartean.
Aitor: Hemen jartzen du Altsasuko Adierazpenari jarraipena ematen dion Iruñeko Adierazpenak eskatzen digula Bruselako Adierazpenari erantzun positiboa eman diezaiogula.
Asier: Bruselako Adierazpena zein zen, Batasuneko kideena?
Aitor: Ez, Bruselakoa Nobel saridunena da.
Asier: Baina ez al dute Nobel saridunek egin Iruñekoa?
Aitor: Ez. Iruñekoa Batasuneko kideek egin dute.
Asier: Eta orduan Altsasukoa nork egin zuen?.
Aitorr: Batasunakoek.
Asier: Baina ez al duzu esan Iruñekoa dela Batasunekoena.
Aitor: Bai, baina aurretik Altsasukoa ere egin zuten.
Asier: Horrenbeste adierazpenekin galdu egiten naiz. Horrela ez dago jakiterik zer nahi duten.
Aitor: Agiria idaztea tokatzen zait. Zer erantzunen diet?
Asier: Adierazpena aztertzen ari garela, zer adierazpenez ari garen zehaztu gabe.
Aitor: Hori aurreko agirian jarri genuen. Ezin dugu errepikatu.
Asier: Tira, aurrerapausoa emanen dugu. Jarri adierazpenari erantzun positiboa ematen diogula, baina adierazpen positiboa zer den zehaztu gabe.
Aitor: Ona.
Asier: Eta, ahu bai, argi bezain garbia.
Zertaz ari ginen jabeturik, Txikiteroa, ohi denez, labur baina sakon mintzatu zitzaigun: “Azkenean, Caparrosoko Adierazpena egin beharko dute, labur bezain zuzena: su-etena nahi dugu, dedio!”.
Profesional erdaldunak eta profesional onak
-Oso emaitza txarrak lortzen ari zara.
-Azkarra naiz eta erraz lor nitzake hobeak, baina ez dut egiten eskolak hartu baino nahiago dudalako piper egin.
-Eta zer da hor daramazun hori?
-Beno, tira... Ez da dirudiena... Benetan... Ez da nirea, beste bati gordetzen ari natzaio.
-Nori?
-Eeeee.... amari. Hori da, amarena da.
-Nota txarrak atera dituen eta tabakoarekin harrapatu duten nerabe harroxko eta gezurtia dirudizu. Eta ezin duzu nerabe harroxko eta gezurtia izan, 50 urte dituzulako eta EAEko lehendakaria zarelako.
Eskolara joateko jaiki nahi ez duen ikastetxeko zuzendariaren txiste zaharra errealitate bilakaturik. Lopez lehendakariak elkarrizketa batean irribarretsu aitortu du maiz egiten duela piper 36.000 euro kostatzen diren haren euskara eskoletan. Hori gutxi balitz, soinean sineskerian oinarrituriko orekaren eskumutur horietako bat daramala harrapatu dutelarik, ez zela berea, haren amarentzako zela erantzun du. Elkarrizketan, euskarari buruzko beste gogoeta guztiz originala egin du: zirujau ona izateko ez dago zertan euskara jakin. Euskarari garrantzi gehiegi ematen zaio. Profesional onak behar dira, ez profesional euskaldunak. Aste honetan bertan, Arantza Quirogak gauza bera esan du, hizkuntz profilei garrantzi handiegia ematen zaiela. Zertaz ari ginen jabeturik, Txikiteroa beti bezain sakon baina ohi baino luzeago mintzatu zitzaigun: “Ados nago. Hizkuntz profilei garrantzi handiegia ematen zaie. Adibidez, ziur naiz Lopezi gazteleraz jakiteagatik eman diotela lehendakari kargua. Eta guk ez dugu lehendakari gazteleradun bat behar, baizik eta lehendakari ona”.
Gogoeta politikoki zuzenegia… ala okerregia
Tolo Calafat mendizale mallorcarrak azken hatsa eman du Annapurnan. Eta hedabideek haren heriotzaren inguruko detaile guztiak eman dizkigute, baita haren biografiari buruzkoak ere. Badakigu berandu igo zela gailurrera, jaisterakoan galdu zela, telekomunikazio ingeniaria zela, oso gizon jatorra zela, bi alaba txiki zituela, Edurne Pasabanek bihotza erdibiturik duela, Juanito Oiartzabalek Oh Eun Sun korearra harrapatzen badu burua moztuko diola, erreskate lanetan ez laguntzeagatik. Calafat Annapurnara igo zen bizitza ariskuan jartzen ari zenaren jakitun, berak hala nahi izan zuelako, bere pasioa zelako. Mila eta milaka behargin egunero aldamiora igotzen dira, edo kamioira, edo arrantzontzira, haien bizitza arriskuan jartzen ari direnaren jakitun, baina ez haien pasioa hori delako baizik eta haien bizibidea delako. Behargin horietako bat lan istripuan hiltzen denean zergatik ez digute haren argazkia erakusten? Zergatik ez digute kontatzen zenbat seme-alaba zituen, ze jatorra zen, haien lankideetako batek bihotza erdibiturik duela, besteak nagusia harrapatuko balu burua moztuko liokeela segurtasun neurriak ez errespetatzeagatik? Zergatik bultzatzen dute miresmen eta dolu kolektiboa mendizalea hiltzen denean eta aldiz enpatiarik eza eta axolagabekeria behargina denean azken hatsa ematen duena? Hildako denak ez dira berdinak. Biktima guztiak ere ez. The Organization-en indarkeriak drama ugari eragin ditu. Eta esan gabe doa haren biktimek aitortza eta enpatia merezi dituztela. Baina lan istripuek askoz hildako gehiago eragitzen dituzte The Organization-ek baino. Zergatik entzun behar dira eskoletan biktima batzuen lekukotzak eta ez besteenak?