Aitor Etxarte
Aspaldi isilpean esaten zena hedatuz joan da. Orain kide ideologikoei esaterik bada eta solasa sor daiteke . Tributik kanpo, oraingoz, ezin da zabaldu traizio txikia delako, lubakiaren beste aldean direnei ezkutatu egiten zaielako. Gerran omen gara eta gauzak horrela moldatzen dira gerra guztietan.
Euskalgintza krisian da. Beti aurrera egingo genuenaren ideia sinplea genuen, arrazoi historikoa alde genuelako, eta, ikusi nahi izan duenarentzako, ahulezi guztiak bistan dira aspaldiko partez. Ezin ukatu zerotik zerbaitera iritsi garela azken hogeita hamar urte hauetan, baina egindako lana ez da uste genuena bezain handia eta eraginkorra izan.
Plazan aitortzen ez dugun iritzia da. Lan munduan, aisialdian, osasungintzan edo gizarteko elkarteen egunerokotasunean euskara arrotza da eta, arrakastatsua izan den ia eremu bakarrean, haurren irakaskuntzan, ez doa ez aurrera, ez atzera. Euskarazko telebista publiko bakarra oka egiteko modukoa da, komunikabideak makalak, musikagintza krisian da, sormen literario handia dugu baina irakurle gutxi, antzerkia testimoniala, bertsolaritza, muga guztiekin, salbuespen txikia da.
Denbora honetan belaunaldi zehatzak eduki du egin denaren ardura, onerako zein txarrerako, eta gazteagoek dena berritzeko erronka dute: euskaldun komunitateak eman beharreko irudia, barneko harremanak, egitasmo berriak, lan egiteko moduak edo sinboloak. Zaharrak, disimulorik gabe, baztertu egin behar eta dagokionak bere tokia hartzeko tenorea du.
Thomas Kuhn, fisiko eta zientzien historiagilea, ohartu zen zientzialariek ez dituztela beraien ikerketa-ibilbidean iritziak aldatzen, bizitza osoan temati jarraitzen dutela gaztaroan izan dituzten ideiekin:
"Teoria berriak nagusitzen dira antzinako teorien aldekoak desagertzen direlako eta belaunaldi gazteko ikertzaileek berrien alde egiten dutelako".
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/aitoretxarte20100426.mp3]