Josetxo Azkona
Gaurko nire diskurtsoa apologetikoa izanen da, zeren alde eta, Iruñeko San Ferminei buruzko museoren alde. Bai, argi eta garbi adieraziko dut bat natorrela Iruñeko suhiltzaileak daudeneko lekuan aipatu museoa eraiki nahi izatearekin; onurak besterik ikusten ez dizkiolako eta, zalantzarik gabe, iruñetarron hobe beharrez izanen delako ere. Baina, nire aldeko jarrera azaltzeaz gain, baita nire ekarpena ere agerian utzi nahi dut, museo hori litezkeenen artean onena izan dadin opatuz.
Tira, dakidantxoarengatik museo interaktiboa egin nahi dute udaleko sustatzaileek. Eta ongi deritzot asmo horri, bai noski. Orduan bada, eta xede hori buruan dudala, horra ideia batzuk baliagarriak izanen direlakoan, segidan datozen hauek:
Bat. Lehenik eta behin, nire ustez, museoak Festa-sentsazioak izeneko areto edo atal bat eduki beharko luke, han non, bisitariak, Festa-usainak azpi-atalean egonda, eskura izanen lituzke botoi eta kartel batzuk, botoi-kartelok panel berezi edo eta hormetan berariaz ezarritakoak.
Bisitariak, hala, botoi bat sakatuko du, demagun, Jarautako egunsenti-esentziak izenekoa, eta, sakatu orduko, bat-batean, hara!, haren gainera eroriko da, presiozko zirimiri modura -horma, zoru eta sabaietan estrategikoki paratutako zulotxo pila batetik aterata- bustialdi lurrundu halako bat, jendetzaren txiza-parrastak, giri eta bertakoen goitikinek, galtzada-harriei itsatsitako zikinkeria sarkorrek eta plastikozko edalontzietako zerbeza hondar likitsek osatutakoa. Erran bezala, ezustean jasoa eta botoia sakatu ahalean.
Bi. Festaren izu-ikara atalera joz, eta, urtez-urteko San Ferminen sailean kokaturik, adibidez 1978ko festei dagokien botoia sakatzearekin batera, gure bisitariak benetan jakinen du zer den beldurrak airean ibiltzea, zeren eta, betaurreko aproposak jantzita eta birtualki betiere, urte aipagarri haietako marroi koloreko maderoen zartakoak sorbaldan jasotzen sentitu, ke-poteak irentsi eta bertatik bertara tiro-hotsak antzemanen ditu, ikararen ikaraz.
Hiru. Bisitaria, aipatu esperientzia paregabe horiez gainera, Zezen-korridaren unetxoak deituriko areto birtualera joanen da jarraian, han non, Hirugarren zezenaren ondorengo merienda amaitutakoan botoia sakaturik, bete-betean jasanen ditu (betiere aurreko atalean aipatu dudan teknika interaktibo bera erabiliz) irin-parrasta eraso bat, ajoarriero bokata-puska koipetsuak, cola-cao hauts-erauntsiak, sangria-melokotoi zati lingirdatsuak eta, azkenik eta bukaera gisa, meriendan jandako langostinoen soberakinak, hori guztia inguruko bozgorailuetatik bonboen kalaka etengabea bunba-bunba eta jendetzaren marruma karrankariak entzuten dituen bitartean.
Beno, ideia gehiagorik ere badut, baina, haiek aireratzeko betarik ez dudanez gero, moztu beharra daukat nire diskurtsoa, oraintxe bertan. Biba San Ferminei buruzko museoa!
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/josetxoazkona20100422.mp3]