Iritzia: Laboaren lehen hitza

Euskalerria Irratia 2010eko apirilaren 22a

Angel Erro

Madrilen nengoela, denbora egiteko Caixa Forum-era sartu eta bertan ikusi nuen Charles Chaplin-i buruz antolaturiko erakusketa, presaz ikusi ere, hortik ordubetera Atochan egon behar nuelako, Iruñerako trena hartzeko. Areto batetik bestera, korrika, bakar batean gelditu nintzen. Horma zuri batean Modern Times filmeko eszena bat ematen ari ziren, etengabe eszena bera. (http://www.youtube.com/watch?v=rl0fqOQRTOw)

Charlot arloteak taberna batean lana lortu du, zerbitzatuz eta bezeroentzako abestuz; lehen egunean, ezagutzen ez duen modako abestiaren letra atorraren eskumuturrekoan apuntatu arren galdu egiten du eta gelditzen da aurrera nola egin ez dakiela. Orduan Paulette Goddard aktoreak antzezten duen pertsonaiak “sing, never mind the words” (kanta ezazu, hitzek ez dute inporta) esaten dio, nahiz eta guk ezin hori entzun, irakurri baizik, ordura arte filma mutua izan delako, Charloten lehenagoko film guztiak bezala, hitzik gabea, mimikaz ulertarazia edo zinema mutuan tartekatzen ziren testuzko kartelen bidez. Orduan, zinemaren historian lehenengo aldiz, Charles Chaplinen ahotsa aditzen dugu, bihotz hartuta abesten, baina zentzu gabeko zapo-erdara batean, mututasunezko hainbeste urte ondoren lehen hitza esatea zaila balitzaio bezala.

Egun horretan, Caixa Forum-eko areto horretan eserita, bizpahiru aldiz ikusi nuen (eta entzun nuen) Charloten abestia eta, presaz ibili ohi naizen guztietan bezala, hausnarkor jarri nintzen. Burura etorri zitzaidan lehenengo gauza Mikel Laboa izan zen, eta batez ere bere lekeitioak. Entzule ernea dagoeneko ohartuko zenez, paralelismo bat ezarri nuen: Laboak ere ez ote duen euskararekin gauza bera egin nolabait, kantagile mutuak (letrak inoiz ez ziren bereak, apenas egiten zuen adierazpenik, ezta kanten artean hitzik ere) ez ote duen hizkuntza bat (edo asko) asmatu behar izan denbora modernoetan sar gintezen.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/erro-ap-21.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!