Txentxo Jimenez: "EAk eta Aralarrek laster itxiko dugu NaBairi buruzko akordioa"

Euskalerria Irratia 2010ko api. 20a, 12:53

Batzarre 2011an NaBaitik kanpo ikusten du Aralarko koordinatzaileak

"Eusko Alkartasunak eta Aralarrek egun gutxi barri itxi eta aurkeztuko dugu Nafarroa Bairi buruzko akordioa definitiboa". Hala iragarri du Aralarko Nafarroako koordinatzaile Txentxo Jimenezek, Pasahitza saioan. Azaldu duenez, bi alderdiok adostasuna lortu dute bai oinarri ideologiko eta programatikoei doakienez, baita barne antolakuntzari dagokionez ere. "Hautetsi banaketa orain artekoa bezalakoa izanen da, baina barne erabakiguneetan, batzorde ejekutiboetan, alderdiek boto ponderatua izanen dute". Hau da, paritatearenak egin du.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/txentxojimenez201004201.mp3]

Deskargatu

Aralarrek Batzarrerekin dituen harremanak, berriz, okerragoak ei dira, "hasieratik ukatu baitu koalizioan arazorik dagoenik, deus aldatu behar denik, deus negoziatu behar denik". Bestalde, betiere Jimenezen arabera, Batzarre Erribera osoan udal hautagaitzak adosten ari da NaBaikoak ez diren alderdiekin, eta hori bateraezina da koalizioko kide izatearekin. "Une honetan, gauzak daudenetan, nik Batzarre 2011an NaBaitik kanpo ikusten dut", gaineratu du.

EAJrekin harremanak hobeak dira, eta Jimenezek akordio batera iristeko itxaropena du, "baina oraingoz badira ezadostasun handiak oinarri ideologikoak direa-eta, EAJ zentro-eskuineko alderdia da eta". Independenteei dagokienez, Aralarko koordinatzaileak dio lehendabizi alderdien arteko akordioa lortu behar dela, eta gero independenteek nahi dituzten ekarpenak egiteko aukera izanen dute, "koalizioarentzat altxorra direlako".

Batasuna NaBain sartzeko aukeraz, Jimenezek esan du koalizioak ateak zabalik dituela, baldin eta kide denek bete dituzten baldintza berberak betetzen baditu, giza eskubideen aldeko jarrerari dagokionez. Dena dela, Jimenezek uste du Batasunak ez duela koalizioan sartzeko asmorik. "Eusko Alkartasunak, berriz, polo soberanistaren sorrerak Nafarroan eragin zituen zalantzak argitu ditu, Nafarroa  Bairen aldeko apustu irmoa eginez", gaineratu du.

Argazkia: Aralar

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!