Izaro Arroita
Gautxorien gauerokoa
Egunez lo eta gauez esna bizi den gautxoriari zentzumenak garatzen zaizkio denboraren joan-etorriarekin, eta erabat saguzartuta bukatzen du azkenerako. Eguzkiaren argirik gabe bizitzera ohituta, begiak txikitu eta gorritu egiten zaizkio, eta ekolokazio edo biosonar bidez mugitzen hasten da: hiria, ilunpetan, ezberdin hautematen.
Esate baterako, har dezagun edozein kaletako edozein atari. Demagun plakatxo bat dagoela: “Haginlaria, 5. Ezk”. Egunez bizi denak, paretik pasatzean, plakatxoa ikusi eta ordua hartuko du behar bada haginlariarenean, haginetako minez baldin badago edota besterik gabe, errebisioa egitea tokatzen bazaio.
Gaua iristen denean, gautxori edo saguzarra ere ohartuko da kale bereko atari berean plakatxo hori dagoela, baina ez dio haginlariari deituko; alfer-alferrik litzateke, haginlaria lo egongo delako gautxoria bere plakari begira dagoen bitartean.
Ez, asko jota, atseden hartzera geratuko da atarian, gauari so. Kasualitateak laguntzen badio, beste gautxoriren batekin egingo dute topo berak igorritako uhinek. Eta zorterik badu, atariko plakaren kontra estutuko dira biak, farolen argiarengandik ihesi, hankaz gora. Eta saguzarren dantza dantzatuko dute, koskaka, gabardinazko hegoez elkar besarkatuz.
Baina… eta inoiz haginetako minik baldin badu? Bada, egia esan, haginlariak ez dira ohikoak izaten gautxorien artean, eta alferrikakoak izango dira beraz atari horretako kontsulta eta kontsulta iragartzen duen plaka, ez dute ezertarako balioko saguzarrarentzat. Droga edo botikaren bat hartuta pasa beharko zaio mina, eta beste baterako utziko du haginlariari egin beharreko bisita, inoiz bisitarik egitekotan. Gautxori edo saguzarrak salbuespen egoeran bizi baitira nolabait; alderantziz. Baina, eboluzioa zer den: hortzak ondo zorroztuta izaten dituzte normalean saguzarrek, badaezpada.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/izaro-arroita-ap-191.mp3]