Aitor Etxarte
Larunbatean Gaztelu gibelean elkartu ginenok gogoan eduki genituen 1936an fusilatutakoak. Mina da egun horretan nagusi. Ankerkeria historikoa gogoratzen dugu. Merced kalean, adibidez, 30 bat etxe-atari ziren eta 16 gizon fusilatu zituzten. Peoi bat, bi nekazari, latorrigilea, bi mekanikari, bidezaina, egunkari saltzailea, hiru igeltsero, arbitrioetako aguazila, diputatua, langilea, okina eta saltzailea. Uda betean hasi eta aroa bukatu aurretik kito.
Aurtengo ekitaldian ohiko minari beste minak gaineratu zaizkit. Etengabeak izan dira zauri zaharrak ixteko premia azpimarratu dutenak edo gertaera haien zentzugabekeria aipatu dutenak, modan dagoen biktimizazioaren bidean, krimen haien arduradunak eta egile zehatzak isilpean geratu diren bitartean, dena memoria historikoaren paketean, azken urteetan historia eta justizia lurperatzeko asmakuntza eraginkorra. Mingarria.
Pedro, Dámaso, Manuel, Corpus, Pedro, Jesús, Constantino, Román, Jesús, Basilio, Félix, Angel, José, Ignacio, José eta Francisco fusilatu zituzten bizitza duina, langileen eskubideak, askatasuna edo heziketa eta kultura eskatzen zutelako.
Hau buruan bueltaka eta, bitartean, megafoniaz zabaltzen ziren hitz guztiak gaztelaniaz eginak. Euskaraz ezer. Olerkiak eta kantak gaztelaniaz izan dira azkeneko Txorian txori salbu. Hori izan da euskaraz entzun dugun bakarra. Mingarria. Eskuinen hizkuntz politika zuzen-zuzenean praktikara eramana euskaldunak lurperatuz.
Toki nagusian II. Errepublikako bandera. Gorriak, beltzak eta gainerako guztiak deseroso, agertu ezinik, tokiz kanpo. Hildakoak eta Gazteluko gibelera joandakoen aniztasuna ezabatua. Bandera komunistak, anarkistak edo abertzaleak gogoan soilik, ez airean. Mingarria.
Duguna dantza taldeak jarri zuen liturgia honetan poesia eta kontestua. Modu ederrean hemen ginela esan ziguten, Iruña zela bazter hori, Nafarroan gertatutakoa oroitzen ari ginela.
Honelako egunetan Julio Cortazarrek esandakoa egiteko gogoa ematen du. Berak azaldu zuen hiri bat suntsitzeko modua. Kasu maisuari:
"Belar artean itxaroten da, zain. Kumulu erako hodei handia hiri gorrotatuaren gainean jarri arte. Jaurtitzen da orduan gezi harritzailea, hodeia marmola bihurtzen da eta ondorengoak ez du aipamenik merezi".
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/aitoretxarte20100419.mp3]