Iritzia: Gasteiztik Kastejonera

Euskalerria Irratia 2010ko api. 19a, 14:00

Aitziber Sarasola

Gure mundu honetan aurrerapenaz edo progresoaz dugun ikuspuntua gutxienean ezberdina da bizi garen pertsonon artean. Gasteiztik Kastejonera tentsio altuko linea bat pasa nahi omen dute. Oraingoan ere proiektu anbiziosoa zalantza izpirik gabe. Guk txukun eta zintzo ordaintzen ditugun zergak han eta hemen erabiltzen dituzte administrazioek, ustez, denon interesak batzeko asmotan. Baina denon interesak ote diren auzitan jarri izan da behin bai eta berriz ere bai. Zein eredu ekonomiko nahi dugun, zein azpiegitura behar ditugun geure eguneroko beharrak asetzeko, zein diren geure lur eremuan nahi ditugun kalte ekologikoak...

Gaur goizean prentsaurre baten argazkia etorri zait begietara. Atzokoan oinezko martxa baten berri emateko prentsaurrearen berri izan dugu. Baina berri hau ez dugu telebistan eta halakoetan apenas ikusteko aukerarik izan. Interneten ari behar izan baitut erdi izkutuan haren berri izan nahi banuen.

Oinez Labrazatik Gasteiza eginen dute. Ez da sobera aditu kontua, Kastejondik Gasteiza beste proiektu handi bat. Beste obra handi bat kalte ekologiko handiekin, energia gehiago behar dugula garraiatu adieraziz. Baina nola ez, hau guztia Abiadura Handiko Trenak eraginda. Trenaren, makina handi honen energia gosea aseezina delako. Horratx azkenean! Denok pagatu behar tren hori, denok pagatu behar tren horren gosea.

Baina pentsatu al duzue, zenbat aldiz hartuko duen gutako bakoitzak tren hori? Behar izango ote dugu abiadura bizkor hori Madrilera, Bilbora joateko? Pagatzerik izanen ote dugu? Gainera ez dakit ba nik martxa honetan ez ote dugun gehienok INEMen zerrendetan amaituko dagoen lan panoramarekin!

Tentsio altuko kableak, harrobiak, obra erraldoiak. Hau guztia geure zergetatik. Baina inork galdetu ote digu hau al den behar dugun garapen eredua, edo beste alternatibarik hautatzeko modurik eman al digu? Hau miseria!

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!