Iritzia: Ez aldendu, ez egokitu

Euskalerria Irratia 2010eko apirilaren 16a

Josetxo Azkona

Nekez erranen dut deus berririk, egunotan eta Egunkariaren inguruko absoluzio epaia dela medio, hedabideetan luze eta zabal adierazi eta idatzi egin diren azalpen ugariren gainean. Halaz ere, nire aburuak laburtu beharrez, agerian erakutsiko dut bozkario eta nahigabezko sentimenduak ditudala barrenean, batzuk eta bertzeak elkarren artean irabiatzen zaizkidalarik.

Epaia emaniko egunean, hilaren 12an, astelehen gauarekin batera, telebistako kanal batetik bertzera ibili nintzen tematuta, belarriek zer entzunen, begiek zer ikusiko, hizlarien keinuak bat ote zetozen beren erranarekin igartzearren. Eta denetik neureganatu nuen: adierazpen zintzo eta zuzenak; eta maltzur eta zehaztugabeak ere bai. Adierazpen mingarrienak (masokista naiz gero!) Popular, Veo7 eta Intereconomía kanaletakoak izan ziren; oroz gain, azken horretakoak.

Funtsean, eta epaia Urederrako ura baino gardenagoa izanagatik, solaskide gehienek bere egiten zuten akusazioaren tesia. Halaber, azkon mordoxka ezin zorrotzagoa sartu zioten Bermudez epaileari; haien ustez, berak judizioan zehar oker, arrunt oker jokatu zuelako, Madrilgo Atotxako atentatuari buruzko judizioan jokatu zuen modu bertsuan, antza.

Egiazki, ikaragarria da antzematea zeinen hanpatuta mintzo diren eskuin-muturreko horiek Espainiako hedabidetan; zein zehaztasunez jaurtitzen dituzten beren diskurtso-ziriak ideia atzerakoi, totalitario eta doilorren faboretan.

Espainia hala hartuz, nola dagoen aztertuta, ematen du, nahiz eta Francoren heriotzatik hogeita hamabost urte iragan diren, bere hartantxe jarraitzen duela, zera da, badirudi diktaduraren zuraje ideologiko hura txertatuta dagoela oraindik soziologia politikoaren baitan eta gizartearen puska on batek militarren ezpata zurrumurrupean egindako trantsizio aurreko garaietara itzuli nahi duela, espirituz bada ere, garai haiek oraingoak baino hobeak, seguruagoak zirelakoan. Bai, Nafarroan pila bat dakigu horretaz.

“Espainia, nigandik ken ezazu kaliza hori” poema-liburu gogoangarria idatzi zuen Cesar Vallejo perutarrak, 1937an. Urtebete lehenago, aldiz, “Min ematen dit Espainiak”, idatzi zuen Unamuno bilbotar euskaldunak.

Nago arrazoi zeukatela bi-biek, eta horrexegatik, nahiz eta legearen ordenamendu juridikoaren ikuspuntutik espainiartzat hartzen dudan neure burua, baina ez sentimenduz, bera librea baita, ez dut arazorik aitortzeko niri ere min ematen didala Espainia horrek, aldartez husturaino. Beno, ez horrenbesteraino.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/04/josetxoazkona20100415.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!