'The Organization'-eko fronte judiziala

Euskalerria Irratia 2010ko api. 12a, 12:29

Garzonek Garzon epaituko balu

Baltasar Garzon epailea auzipetuen aulkira bidali du Espainiako Auzitegi Gorenak prebarikazioa egotzita, legearen kontra ari zenaren jakitun jarri zuelakoan abian frankismoaren krimenen ikerketa. Erraz imajina dezakegu epaiketa horretan zer epai izanen zen, baldin eta Garzonen epailea Garzon bera balitz: “Bistan da zein zen Garzon auzipetuaren xedea. Gobernua galtzear den PSOEri laguntze eta PP kaltetze aldera, Espainiako Gerran alde batek soilik egindako bidegabekeriak haizatu nahi zituen. Espainiarren arteko gorrotoak berpiztu nahi zituen. Aspaldi itxitako zauriak zabaldu nahi zituen. Espainia apurtzeko arriskuan jarri nahi zuen. Hau da, Espainia hautsi nahi zuen. Eta bistan da The Organization-ek gauza bera egin nahi duela. Beraz, Garzonek eta The Organization-ek helburu berdinak dauzkate. Hartara, Garzon eta The Organization gauza bera dira. Garzon The Organization-eko kidea da. Garzonek The Organization-eko fronte judiziala osatzen du. Horren harira, ezin ahantzi daiteke azken hamarkadotan Garzonek harreman estua izan duela The Organization-eko kideekin. Oso maiz igaro dira The Organization-eko kide atxilotuak zein presoak Auzitegi Nazionaleko haren bulegotik. Hori horrela, guztiz agerikoa da Garzonek The Organization-eko kideak koordinatu dituela Espainia apurtzearen aldeko haien borroka horretan. Gauzak horrela, tronpatzeko batere arriskurik gabe esan dezakegu Garzon ez dela The Organization-eko kide arrunta, Garzon The Organization-eko buruzagia dela, eta 12 urteko espetxe zigorra merezi du”. Arnaldo Otegiri ere The Organization-eko buruzagia izatea egotzi dio Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak antzeko argudioetan oinarriturik. Tamalez, oraingoz behintzat ez dirudi The Organization-eko kideak iritzi berekoak direnik.

North Face Eguna

Iragan Aberri Egunean, inoiz baino euskal herritar gehiago ikusi genituen haien euskal herritartasuna aldarrikatzen. Kasu: ez ginen Irunen, Hendaian, Urruñan edo Bilbon baizik eta Jacan, Huescan, Aragoin. Ilunabarrean, Jacako Kale Nagusian, milaka eta milaka euskal herritarrek ozen aldarrikatu genuen gure euskal herritartasuna, gainezka egin zuen Kale Nagusian zein jendez mukuru beteriko inguruko karriketan. Ozen, hitzaren bitartez, han denak mintzatzen baitziren euskaraz, baita haien jaioterrietan normalki gaztelera batuan besterik aritzen ez direnak ere. Ozen, euskal identitatea adierazten duten jantzi tradizionalen bitartez, han denek baitzeramaten forropolarra, wind-blocka edo zortzimilakoak egiteko moduko gore-tex txamarra. Guk ez genuen ikusi, baina kontatu ziguten gauean, euskal abertzale jatorrak haratago joan zirela, eta kranpoiak jarrita ibili zirela tabernarik taberna parrandan. Biziki hunkigarria. Hori guztiori horrela, bi proposamen plazaratu nahi ditugu, soziolinguistikoa bata, politikoa bestea. Proposamen soziolinguistikoa: Euskararen erabilpenaren hazkundea ezagutzarenaren tamaina berekoa ez izateak euskaltzaleok zeharo kezkaturik gauzkan honetan, irtenbidea izan daiteke euskara ezagutzen duten denak deserrira bidaltzea, antza etxetik urrun jator plantak egite aldera denok barra-barra baitarabilgu Axularren mintzaira. Proposamen politikoa: datorren urtean indar abertzale denek Jacan ospa dezatela Aberri Egun bateratua, han izaten baitira bestela ere euskal herritar gehienak. Mendia Mahomrengana ez badoa… Bidenabar, ospakizunaren izena ere aldatu, gaurkotu liteke. Guk proposatzen duguna, North Face Eguna.

Hitz berri bat piztutzera goaz, Euskal Herriko zeru lexikoan

Partikulen azeleragailu erraldoiaren bitartez unibertsoaren sorrera, big-bang-a eskala txikiagoan errepikatzen ari diren honetan, antzeko fenomeno baten lekuko izatera gonbidatu nahi dugu irakurlea. Zehazki, hitz baten jaiotzara. Egun batean izarren hautsa bilakatu zen hitz berri. Zehazki, aurtengo martxoaren 20an. Egun horretan, Berriako kazetari Iñigo Astizek Nafarroako Bertsolari Txapelketako kronika idatzi zuen. Ordenagailuan tekleatu zuen lehen esaldia, “Elegante bukatu zuen Julio Sotok Lesakan jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala”. Patua, baina, arrunt apetatsua da. Testua maketan sartzeko tenorean, ez zuten erabat ezabatu Ramon Saizarbitoria aipatuz hasten zen beste testu bat, eta uztarketa horretatik hitz berria sortu zen. Apirilaren 21ean egunkari honek argitaraturiko kronikan, honako hau irakur zitekeen: “Ramegante bukatu zuen Julio Sotok…”. Zoriak ramegante neologismo dotore, eufoniko, misteriotsua oparitu zigun. Eta hainbat letrazale berehala jabetu ziren oparia, harri bitxia, profitatzearen garranztiaz. Facebook-en Ramegante 2011 ekimena sortu dute. Bultzatzaileen artean, Astiz bera, Iban Zaldua, Gorka Bereziartua eta beste. Haien helburua, 2011rako google bilatzailean ramegante hitzaren 500 erreferentzia agertzea -horretarako, idazleen, kazetarien, letragileen, buletin ofizialen itzultzaileen laguntza eskatu dute- eta Euskaltzaindiak ramegante hitza bera onartzea. Esanahia? Ekimenaren bultzatzaileek ez dute zehaztu nahi izan. Zabalik utzi dute. Horretan datza, besteak beste, haren sarma. Etimologikoki, Ramon Saizarbitoriaren dotorezia duenari doakion adjektiboa izan daiteke ramegante. Edo, etimologia bazterrean utzirik, pertsona dotore erretxinduari dagokiona. Edo, adjektibotik substantibora pasaz, basamortuko konkor bakarreko dragoi dotorea izan daiteke. Edo, zuk nahi duzuna, irakurle. Betiere, erabil ezazu neologismo ederra rameganteki.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!