Iritzia: Agur txano madrildarrei

Euskalerria Irratia 2010eko martxoaren 17a

Fermin Erbiti

Negua hain luze eta hotza izan denez, inoiz baino txano madrildar gehiago ikusi ditut Iruñeko karriketan. Badakit, bai, bakoitzak burua estaltzerakoan bere gustuko txapel, kapela edo txanoa aukeratzeko eskubide osoa duela. Baina azken telegrametako batean besteen herrak eta aurreiritziak astindu zituen sermoilari honek ere baditu bereak. Eta pekatu horiek noizbait aitortzekotan, garizumako amaieran egin behar delakoan hortxe lehenbizikoa: gorroto dut txano madrildarra.

Ostiral arratsaldean, Donibanetik Rodezno Condearen plazaraino joan nintzen alabarekin, Paz Ziganda ikastolak antolatu duen erakusketa interesgarria ikustera. Bada, Carlos III.n gora, alaba honetaz eta hartaz solasean ari zitzaidan bitartean, nik gizonezkoen buru gainean ikusten nituen txano madrildarrak zenbatzeari ekin nion. Konklusio argia: Iruñeko bigarren zabalgunean gora egin ahala, txano madrildarren kopuruak ere gora egiten du nabarmen. Horra hor otoiz-erregua: negua eta hotza ahalik eta azkarren amai daitezela, horrela batere osasungarria ez den gorrotoa pizten duen buru-estalkia ere zortzi edo bederatzi hilabetez desagertuko baita. Ikusten duzuenez, jarrera aldaketarako zirrikiturik ez dago. Beraz, barkamena ere nekez eskatuko dut, heldu den urtean pekatu bera eginen dudalakoan...

Pekatuak aitortzen hasita, nire gorrotoen sailkapenean bigarren postuan tinko segitzen duen Tunaz ere zerbait esan nezake, baina musika alde batera utzita zezenketez pare bat hitz. Atzo, jakina denez, ikuskizunaren aldeko testu bat onartu zuten Nafarroako Parlamentuan. Pekatari honek aitortzen du,  askotan izan dela Iruñeko zezen-plazako eguzki tendidoan, Sanferminetan eta bakarrik egun aldrebestu horietan, toreroari eta zezenari kasurik egin gabe, hori bai, ez dakit  hau guztia aringarri izan daitekeen...

Kontua da mozioa onartu duten politikariek zezenketa kultur ondaretzat hartzen dutela, eta horretan oinarritzen dute tradizioaren defentsa. Hori esateko gai denak bere kultur maila ere agerian uzten du. Hala ere, zezenketa ekitaldi odoltsua dela jakin arren, eta kultur baliorik onartzen ez badiot ere, azken aitormena: askoz errazago ikusiko nauzue zezen plazan, txano madrildarrarekin baino...

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/ferminerbiti20100316.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!