Iritzia: Guztion izenean

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 11a, 14:31

Idurre Eskisabel

Zilegi bekit gaur propaganda pixka bat egitea, eta herenegundik Berria.infon erakusten ari garen bideo bateko irudiak ekartzea. Izan ere, 2006ko udazkenean PSE-EEk, Batasunak eta EAJk izan zituzten elkarrizketa sonatuak gertatu ziren aretoa ageri da irudi horietan, eta negoziazio haien kronika-liburu zehatza idatzi duen Imanol Murua Uria kazetaria gela horretan gertatutakoei buruzko azalpenak ematen.

Loiolako basilika ezagunaren alboan dago kokatuta aretoa; gogoetetarako jesulagunen Arrupe eraikinean. Txukuna bezain xumea ikusten da gela: kolore zurixka xuabeko mahaia erdian, tapizeria gorrixkako aulki funtzionalak inguruan, eta errezela berde diskretuak leihoetan. Edozein herri txikitako kultur-etxeko bilera gelaren itxura bertsukoa.

Murua Uriak kazetariak agertzen duenez, 'U' forman antolatzen zuten mahaia: jeltzaleak erdian, PSE-EEkoak eskuinetara eta Batasunekoek ezkerretara (horrenbestez, saihestezina da irudi biblikoa: Jainko Aita erdi-erdian, otzanak eskuinetara eta bihurriak ezkerrean).

Eta bai, 2006ko udazkenean hantxe egon ziren ordu luzetan Jesus, Rodolfo, Josu Jon, Iñigo, Arnaldo, Rufi, Olatz eta Arantxa. Horma horien artean hitzegin zuten elkarrekin: erabakitzeko eskubideaz, lurraldetasunaz, marko berrien posibilitateaz, indarkeriaz, bakeaz, herriaz... Baina baita ere eguraldiaz, futbolaz, Loiolarako bidean topatutako trafiko astunaz, hor nonbait entzundazko azken txisteaz, eskegita geratu den ordenagailu nazkanteaz...

Eta eragin ote zien beren planteamendu eta jarreretan bezperan seme edo alabarekin izandako liskarrak? Edota maitearekin igarotako gau zoragarriak? Eta hego haizeak eragindako burukomin temosoak? Eta goizean goiz lasterka egin izanak emandako berrituak?

Ia-ia akordioa lortzear egon ziren. Jesus, Rodolfo, Josu Jon, Iñigo, Rufi, Arnaldo, Olatz eta Arantxa jarri ziren ia-ia ados. Eta ados jarri izan balira, eta guztia ez balitz zapuztu, sufrimendu mordoa saihestuko zatekeen, eta beste mordo bat arindu. Oro har, gizarte oso bat sendatze bidean jarriko litzateke.

Arazoa, beharbada, horixe da: Jesusek, Rodolfok, Josu Jonek, Iñigok, Rufik, Arnaldok, Olatzek eta Arantxak hainbesteko ardura beren bizkar hartzea, beste guztiokin partekatu gabe . Zirt edo zart, alde batera edo bestera, ezkutuan, beste guztioi galdetu gabe erabakitzea. Guztion izenean, inorekin kontatu gabe.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/idurreeskisabel20100311.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!