Serio Demonio: Historia, Auzitegi Nazionalak kontatua

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 8a, 07:00

Martin Luther King, konstituzionalista

Jesukristok ez zituen merkatariak tenplutik kolpeka bota. Hori egiazki gertaturikoaren desitxuraketa besterik ez da. Jesukristok ez zuen sekula indarkeriarik erabili. Erromako Senatura joan zen eta han senatariak konbentzitu zituen Merkatarien Legea sor zezaten. Arau horrek, besteak beste, merkatariek zuhurkeria gaitzetsi behar zutela zehazten zuen. Legea indarrean sartu zelarik, tenpluko merkatariek ez zutenez zuhurkeria gaitzesten, haien legez kanporatzea lortu zuen. Eta soldadu erromatarrak izan ziren merkatariak tenplutik atera, atxilotu eta espetxeratu zituztenak. Mahatma Gandhi desobedientzia zibilaren bitartez gogor borrokatu zen Britainia Handiaren aurka, baina ez Indiaren independentzia lortzeko, orain arte okerki zabaldu den bezala, baizik eta Indiari Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren pareko autonomia aitor ziezaioten. Martin Luther Kingen esaldirik ezagunena “I have a dream” da, baina esaldi horrek bazuen bigarren zati bat, horren ezaguna ez dena, eta Auzitegi Nazionaleko epaileei esker behingoz zabaltzen ari dena: “Amets bat daukat, Espainiako Konstituzioa mundu osoan izatea indarrean”. Arnaldo Otegiri bi urteko espetxe zigorra eta 16 urteko inhabilitazioa ezartzen dion Espainiako Auzitegi Nazionalaren ebazpenak ederki zehazten duenez, Nelson Mandelak ez zuen sekula indarkeriarik erabili. Hark sorturiko eta gidaturiko Umkhonto we Szwe (nazioaren lantza) izeneko komandoek loreak banatzen zituzten Hegoafrikako agintari arrazisten artean.

Sanferminetan egotea bezalakoa

Kike Amonarriz sortzaile stajanovistak, besteak beste, hilero artikulua argitaratzen du EHUren Campusa aldizkarian. Azkena sarean zabaldu du Sustatu.com-ek. Sucedidos Baskos du goiburu. XXI. mende hasiera honetako hainbat pasadizo kontatzen ditu, labur-labur, Euskal Herriko panorama soziolinguistiko guztiz heterogeneoa laburbiltze aldera. Horietako bat, bi haurren arteko solasalditxoa da, Bilboko Etxabarria parkean kokatua, igande goiz batean. Batak: “¡Oye! ¿Tu padre es maisu?”. Besteak: “No. ¿Qué pues?”. Lehengoak: “¡Hombre! ¡Es domingo y te está hablando en euskera!”. Itzela. Irakurritakoan, iragan mende amaierako sucedido basko bat etorri zaigu gogora. Sanferminetan, arratsalde batez, Zaldieroa zezenetara joan zen, Donibane peñako lagun batzuekin. Harmailetara heldutakoan, halakoetan ohikoa denez, peñako gainontzeko kideak aurkezten hasi zitzaizkion. Halako batean, “Mira, éste es vasco como tú” esan zioten, morrosko beltzaran irribarretsu bat seinalatuz. “Euskalduna zara, ala?”, galdetu zion Zaldieroak. “Bai ba”, erantzun zion morroskoak. Zaldieroa baskoa Donibane auzoko iruindarra da. Morrosko basko hura Iruñeko Alde Zaharreko Mañueta karrikako euskalduna zen. Joxemiel zuen izena, Bidador abizena. Behin oso esaldi ederra irakurri genuen zendu berri bati buruz: “Berarekin egotea oporretan egotea bezalakoa zen”. Bidadorren erudizioaz, ikerketa oparoez, dibulgazio lan eskergaz asko esan eta idatzi da azken egunotan. Guk beste gauza bat gaineratu nahi dugu, haren bizizaletasunaz, aldarte umoretsuaz, mundua ironia fin batez ikusteko erraztasunaz: berarekin egotea Sanferminetan egotea bezalakoa zen.

Zozoak beleari bidesaria

Amaitzeko, aspaldiko partez, tutti-fruttia, bi zaporeduna. Bat: Nafarroako Gobernuko Garraio kontseilari Laura Alba oso haserre mintzatu da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Etxegaraten ezar dezakeen bidesaria dela kausa. “Egiten dena arreta handiz zainduko dugu, ez dadin bazterkeriarik izan, ez diezaieten gipuzkoarrei erraztasun berezirik eman, ez ditzaten gainontzeko herritarrak, nafarrak zein gainontzeko erkidegoetakoak, baztertu”. Zalantza izpirik gabe, Albak ederki daki zertaz ari den. Donostia eta Iruñea lotzen dituen autobidearen azken zatia autopista da. Hartan bidesaria kobratzen du Nafarroako Gobernuak, azpikontrataturiko Audenasa enpresaren bitartez. Herritar nafarrek deskontuak lor ditzakete, soilik Foru Erkidegoan erroldaturiko herritarrek eskura dezaketen txartelaren bitartez. Bidesarien aurka edo alde gauden? Oraindik ezin dugu erantzun. Aztertzen ari gara. Bi: Lopez lehendakariak beste mugarri bat ezarri du Eusko Jaurlaritzaren historian. Asteazkenean, argazkia egin zuen haren aholkularitza taldea osatuko duten hainbat ekonomia aditurekin batera. Bistan denez, lorpena ez datza halako batzordea osatzean, aurreko lehendakari guztiek izan baitituzte jite horretako taldeak, baizik eta taldearekin argazkia ateratzean eta lau haizetara zabaltzean. Gora komunikazioa! Aditu gehien gehienak enpresa gizonak dira. Eta, ez direnak, gutxienez hirumilaeuristak dira. Tartean -halako aholkularitza batzordeetan ohikoa denez-, sindikalistarik, langile soilik, krisia gordinen pairatzen ari direnen ordezkaririk ez. Biba inkomunikazioa!

(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak martxoaren 7an Berriako Igandea gehigarrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!