Igor Arroio: "Gamesaren txostena Nafarroan azter dadila exijitzea foru Gobernuaren obligazio etiko eta politikoa da"

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 4a, 14:10

Gamesako lan erregulaziorako txostena Nafarron azter dadila exijitzea Foru Gobernuaren obligazio etiko eta politikoa da, LABeko Nafarroako koordinatzaile Igor Arroiok Pasahitza saioan adierazi duenez.

Gamesak Altsasuko lantegia itxi eta hango 150 langileak kale gorrian utzi nahi ditu, baina txostena Madrilen aurkeztu du, erregulazioak Espainiako beste zenbait lantegitan eragina izanen duela argudiatuz. Gamesako Altsasuko beharginak Parlamentuan izan dira gaur, haien egoeraren berri ematen.

Arroio ELAko Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntzarekin batera izan da gurean, gaurkotasun sindikalaren inguruan solasean. Herenegun jakin genuen otsailean 429 lagun gehiago geratu zirela lanik gabe Nafaroan, eta hartara guztira jada 43.770 direla langabeak Foru Erkidegoan. Lakuntzaren ustez, datuok Nafarroako Gobernuaren politikaren porrota uzten dute agerian.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/sindikatak20100304.mp3]

Deskargatu

Aste honetan ezagutu dugun beste albiste bat, sindikatuek babes ofizialeko etxebizitzak kudeatzeko kooperatibak sortzeko aukera izanen dutela, Etxebizitzaren Lege berriaren harira UPNk PSNk hala adosturik. CCOO sindikatuak prentsa ohar bat zabaldu du, hark ez duela halakorik eskatu argitzeko. Edonola ere, Arroioren iritziz, egiazko sindikalgintzarekin uztartezinak dira UGT eta CCOO hartzen ari diren hainbat jarrera.

UGTk eta Comisionesek pentsioen erreformaren aurkako manifestazioa eginen dute larunbatean, arratsaldeko bostetan haien egoitzatik abiaturik. ELA, LAB, ESK, EILAS eta HIRU sindikatuek, aldiz, martxoaren 27an eginen dute erreformaren aurkako protestaldia. Gauzak zehatz esate aldera, Nafarroako ESKk bi elkarretaratzeetan parte hartzera deitu du. Pentsioen inguruan, Lakuntzak esan du bistakoak direla planteatzen ari den erreformaren helburuak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!