Iritzia: Popular Herri Irratia zen garaiko kontuak

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 3a, 12:29

Fermin Erbiti

Carlos Perez Conde kazetariak igandeko Diario de Noticiasen gogoratzen zuenez, duela hogeita hamar urte Nafarroako irratietan, nahita edo behartuta, gehiago edo gutxiago, demokraziaren aldeko apustua egin zuten, mikrofonoak karrikako biztanle arruntei zabalduz. Tentsio politiko handiko garaian, mezu guztiak onartzen ziren, batere zentsurarik gabe.

Condek aipatzen zuen irratsaioa Iruñeko Amaia karrikan egiten zen: Popularren,Herri Irratian. Geroztik, irrati horrek euskal izena galdu du, eta begibistakoa da izana ere ez duela ordukoa. Arazoa, ordea, ez da irrati batena, gaixotasuna zabalagoa delakoan nago.

Kazetariaren zeregin nagusia galderak egitea da. Nola asmatu? Agintariak gustuko ez dituenak eginez gero, elkarrizketa ona den seinale. Garai bateko kazetariak mikrofonoak jendeari zabaltzeaz gain, galdera egokiak egiten ausartzen ziren, alegia, galdera deserosoak. Tamalez, aspaldiko kontuak dira haiek. Gaur egun, mamirik gabeko prentsaurrekotik prentsaurrekora erromes dabiltzan kazetariek kritikatzeko ahalmena galdu dute, edo galduarazi diete, ez dakit: diru-laguntzak, publizitate instituzionala...hori dena ongi dago, baina kazetaritza bera zapuzten ez badu, noski. Bestela, ez du merezi.

Kontua da hogeita hamar urteren buruan, tokiko irrati eta telebistak, oro har, propaganda ofizialetik askoz hurbilago daudela kazetaritzatik baino.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/ferminerbiti201032.mp3]

Deskargatu

Erredakzioaren oharra: zutabea martxoaren 2an aireratu zen Pasahitza saioan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!