Iritzia: Lehenengo inpresioa

Euskalerria Irratia 2010ko mar. 2a, 14:20

Aitor Etxarte

Egun epeletan etxeko balkoian kakotu eta kaletik gora eta behera pasatzen direnak ikusteak animoa bizkortzen du. Kalea espazio publiko pribilegiatua da diskrezioaz begiratzeko eta begiratua izateko. Txikitan esaten ziguten kalera atera aurretik ilea orraztu eta zapatei zepiloa pasa behar geniela. Besteak aztertu eta beraiek gu aztertzera gindoazela genekien. Aspaldi ere Merced kalean bizitza borbor zegoenean hori zaintzen genuen, kaletarrak ginen, hiritarrak.

Esanak esan, pertsona baten lehenengo inpresio horrek markatzen gaitu. Hori da marrazketa indartsuaren ondoren nekez aldatzen duguna. Ustekabean ezezagun horrengan topatzen dugun ezaugarririk txikienek ere bere osotasuna ulertu nahian hartuko ditugu. Erabiltzen dituen jantziak, hauek eramateko modua, orrazkera, ibilera, buruaren ezarrera, besoen mugimenduen erritmoa, bere esateko modua, begirada, zapatak, daraman zorroa. Nahikoa da sortzen duen unibertsotik pare bat inpresio pertsona hori hurbila edo arrotza sentitzeko, erakargarria edo arrunta, gutarra edo arrotza.

Hori bai, etengabe esan eta sinetsi nahi dugu lehenengo inpresio hori baztertzea ezinbestekoa dela edonorekin harreman zintzoak edukitzeko. Agian hasiera batean iruditzen zaiguna gero bestelakoa dela. Oker izugarriak egiten omen ditugula modu horretan jokatuz… Bai zera!

Pierre Bourdieu pentsalariak idatzi du: keinurik txikienak eta automatikoenak egilearen nortasuna eta giza espazioan duen tokia ezagutzeko pistak eskaintzen ditu. Pertsonen arteko bat-bateko topaketetan adierazle objektibo txikiek erakusten dute beraien arteko balizko hurbiltasuna.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/03/aitoretxarte201031.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!