Iritzia: Fikzio zikina, errealitate likitsa

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 26a, 08:12

Josetxo Azkona

Gauza jakina da pelikularik onenak eta txarrenak egiteko gai direla Estatu Batuetako zinegileak. Pasa den larunbatean, hain zuzen, pelikula on horietako bat ikusi nuen pantaila handian, Precious izenburupeko filma gogoangarria, honenbestez sari dezente bereganatu dituena, ongi merezitakoak.

Pelikularen gaia orori dagokigu. Oinarrian, bizitzak berak ezartzen dituen eragozpenez eta berauek gainditzeko norberak egin behar dituen ahaleginez, modu ezin gordinagoz azaldurik, ohartarazten digu sentikortasun handiz eginiko filma honek.

Protagonista izaera zakarreko neska bat da, Precious izenekoa. Bera New Yorkeko auzo txiro bateko etxe ziztrin batean bizi da bere amarekin, bata zein bestea etsiak hartuta.

Baina argi erran dezagun: neska potolo-potoloa da, itsusia, eta, hori guztia gutxi balitz bezala, beltz-beltza. Precious-en amak egun osoa ematen du telebista aurrean zabor-programak ikusten, zigarretari eta jateari emana. Ama, hitz gutxitan, nazkagarria da, eta mespretxurik handienarekin tratatzen du alaba pelikula osoan zehar. Adibidez, gantz-bola lodi higuingarria dela erraten dio amak etenik gabe, eta jo ere jotzen du alaba aldian behin. Precious (ederra!) deitzen dio amak neskari, berau iraindu nahirik.

Dena da zikin eta likitsa Preciousentzat, aita barne. Ama bezain gorrotagarria da aita neskarentzat, eta horrela ageri zaigu aita hainbat flashback bitartez. Aitak alaba bortxatzen du, eta bi seme eginak dizkio bortxaketak tarteko.

Zer istorioa, ezta?!

Bai, krudela, gordina, muturrekoa...

Hala ere, Lee Daniels zuzendaria ez da malko xamurretan aise erortzen diren horietakoa, eta, nahiz eta pelikularen sekuentzia askok lortzen duten ikuslea zeharo aztoratzea, begiz jotako irudiak oso gordinak baitira, nolabaiteko aterabidea eskaini nahi dio neska gajoari, Preciousek dena ez hain ilun izan ez dezan bere mundualdi goibel, makur eta itzaltsuan zehar, itxaropen pitin batek argia ekar diezaion barrenari.

Izan ere, bihotza urratzen du pelikula honek, eta, paradoxikoa bada ere, ederra da bere hezur-mamian.

Hurrengo egunean, igandean, artean pelikularen oihartzunak buruan bueltaka nituela, irakurtzen dut periodikoan epaile batek Sevillako bi guraso kartzelara eraman dituela, haiek (aitek) beren alabatxoak -bi eta hiru urtekoak, hurrenez hurren- elkar trukatu eta sexualki abusatzeagatik, haurrok bortxatzeagatik. Aita hauez gain, haurren amak eta beste familiar batzuk ere atxilotuta daude, delituaren konplizeak direlakoan.

Kazetan irakurtzen dudana ez da pelikula baten gidoia, ez horixe. Ia sinetsi ezinezko gertakari erreala da, fikziozko Precious neskari gertatzen zaion tamaina bertsuko laidoaren parekoa.

Errealitatea, ohi bezala, aise gailentzen zaio fikzioari, alde handia atereaz.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/josetxoazkona2010225.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!