ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek manifestazioa eginen dute martxoaren 27an, Iruñean, pentsio sistema erreformatzearen aurka. Zapateroren gobernuak proposatu duen neurria "zentzugabea" dela esan dute, ez dela eraginkorra krisiari aurre egiteko. Salatu dute, aldaketek errenta altuenei eginen dietela mesede, eta langileek ordainduko dutela sortu ez duten krisia.
Agerraldian Mitxel Lakuntza, ELAk Nafarroan duen koordinatzaileak kritikatu du Nafarroako zein Espainiako Gobernuek planteatu dituzten neurrien artean, batek berak ere ez duela eragin ezkorrik izan krisia sortu dutenengan. Areago, Lakuntzaren esanetan, "krisia sortu dutenak saritzen ari dira". Aldaketa sozial eta politikoa aldarrikatu dute sindikatuek. Nafarroak pentsio eta lan politika propioak gauzatzeko gaitasuna beharko lukeelakoan. Aldarrikapen horrek herritar askoren sostengua duela nabarmendu du LABeko Igor Arroyok.
Aldaketa soziala ekarriko luketen neurrien dekalogoa osatua dute sei sindikatu horiek. Eta joan den maiatzaren 27ko greba orokorraren ondoren, 131 mila herritarren sinadurak bildu dituzte Hego Euskal Herrian. Horietatik 15 mila pasa, Nafarroan.
Foru Gobernuaren jokaera salatu dute, baztertu egiten dituelako ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuak, Nafarroako ordezkaritza sindikalaren ehuneko hogeita hamabosta osatzen duten arren.
Pentsio sistema aldatzearen aurkako manifestazio nagusia martxoaren 27an, larunbata, arratsaldez eginen dute, Gazteluko Plazatik abiatuta. Aurretik, heldu den asteartean, sei sindikatuetako delegatuek mobilizazioa eginen dute Gasteizen. Eta martxoaren 8an, Emakumearen egunean, eguerdian, manifestazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/sindikatuak2010224.mp3]