Iritzia: Txikiak bezain beldurgarriak

Euskalerria Irratia 2010eko otsailaren 19a

Josetxo Azkona

Etxeko tramankulu bat konpontzen aritu nintzen bart gauean. Halako batean, zast!, zauri bat egiten dut ezkerreko hatz erakuslean. Odola begi-bistan, urez garbitzen dut hatza, birusei-eta hara sartzeko bidea ixteko eta birusok zauria zornatu ez dezaten.

Egia erran, gauza ezin eskasagoa da birusa. Hainbesteraino, mikroskopioa izan ezean, begietarako ikusezinak baitira. Baina, hara, txiki-txikiak izanagatik ere, a zer eragin handikoak diren gure bizitzan arkakuso bat baino milaka bider txikiagoak diren sasi-izaki makur horiek, ezta?

Errate baterako, baduzu ordenagailu bat, eta, bat-batean, zergatik eta nola gertatu den jakin gaberik, hura ez dabil behar den bezala. Horrek erran nahi du, ziur aski, troiar bat sartu zaiola disko gogorraren erraietan, sistema osoa hondatzeraino. Ordenagailua, hala, erkinduta dago, eri, eta ez da gauza zure aginduei men egiteko.

Horregatik, informatika-zerbitzuetara eraman beharko duzu, han non tratamendua emanen dioten.

Birus deitu diote, hain zuzen, sare telematikoaren bidez higitzen den informazio-unitate txikitzaile horri. Baina birus horiek ez dira egiazki existitzen, birtualak dira oso, eta kaltegarriak diren arren, ez dira gripearenak, edo nafarreriarenak, edo ebolarenak, edo IHEsarenak bezain suntsitzaileak.

Hortaz, zinezko birus mota hori, mikro-partikula bizidunaren muga-mugako zera misteriotsu bezain beldurgarri hori bada benetan, eta hor barrena dabil, hainbat animaliaren odolean, gure listu, odol, hazi eta biriketan zehar.

Oroz gain, sufrimendu eragile da birusa, milioika lagunen heriotza-erakarle. Adibidez, Munduko Lehen Gerra amaitzearekin batera, gerrak sortaraziko hondamendiarekin aski ez eta gripe pandemiak batek berrogeita hamar milioi-heriotza eragin zituen mundu osoan.

Bai, gure senetik ateratzen gaituzte, haiekin batera Herio bera ere sar daiteke-eta gure baitara. Orduan bada, zer ote da troiar bat, demagun, HIESAren birusaren aldean! Huskeria hutsa, txantxa ezin eskasagoa.

Etxeko tramankulua ez dut konpondu, ordenagailua trakets dabil oraindik. Eta beldurrez nago, gainera, ez ote nuen bart gauean hatz erakusleko zauria ongi garbitu.

Orain, hatz zauritua ikaraturik darabilt teklaz tekla. Bitartean, segidako eskaera egiten dut ozen, hura nori zuzentzen diodan jakiteke: birusak, troiarrak, spamak, crackerrak..., mesedez, lan hau amaitzen bakean utzi eta alde hemendik!

Zenbait birao ere bota ditut, ez pentsa; baina hitz gorriok ez dira irratiz aireratzeko modukoak.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/josetxoazkona2010218.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!