Iritzia: Bi adiskide

Euskalerria Irratia 2010eko otsailaren 18a

Patxi Zubizarreta

Hamalau urteko itxialdira zigortu zuten Mikel. Iruñerriko bitxi denda xumeak lapurtzen zituen heroina erostearren eta kartzelan nolabaiteko konformidadearekin sartu zen, mendekotasunari aurre egingo zion esperantzarekin. Manuel adiskidearen bisitek, gainera, egonaldia eramangarriago egiten zioten: solaskide aparta baita, eta beti eramaten baitzuen zerbait, beti prest agertzen baitzitzaion edozertan laguntzeko.

Egia esatera, Manuel ere gaizkilea da, ‘gaizkidea’ esan dezagun, izan ere lapurretak elkarrekin egiten baitzituzten: Mikel hitz motela denez, bera beti zain geratzen zen bitxi dendetako atarian eta Manuel, plastikozko pistola lagun, harribitxiak eskuratzeaz arduratzen zen. Alabaina, Manuel ez zuten sekula harrapatzen eta Mikeli bururatu ere ez zitzaion egin adiskide mamia salatzea: isiltasuna urrezko araua da inondik ere. Guztiarekin, denboraren poderioz Manuel ere espetxeratu egin zuten eta, jakina, Mikelek hura ongi hartu, eta ziegakide izatea lortu zuen. Kartzelan ere eutsi egin zioten adiskidetasunari harik eta, inpentsan, bien artean liskarra sortu zen arte. Mikelek berealdiko jipoia eman zion eta Manuel ospitaleratu egin behar izan zuten. Antza, Mikelek noizbait ere jakin zuen, lapurreta garaian, bera kanpoan geratzen zen bitartean, Manuel dendara sartu, eta, harribitxiak eskuratu bitartean, totelka, zezelka hasten zela ‘A-a-tra-ku-a-a da-da ha-a-u. A-a-az-kar. Sar-sar-tu di-di-ru-ru-a pol-pol-tsan!!!’. Eta kontua da poliziaren galdeketetan bitxi saltzaileek beti egiten zutela gizon txaparro beltzaran baten —biak ere halakoxeak baitira— eta, batik bat, hitz motel baten deskribapena…

Patxi Zubizarreta, Javier Urra-ren Secretos de consulta liburutik moldatua

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/zubizarreta.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!