Euskal Herrian Euskaraz taldeak gorotza zabaldu du Euskarabidean
Euskararen Legeari aldaketa bat egitea onartu du Nafarroako Parlamentuak. 1986. urtetik lehendabizikoz. Ondorioz, Aranguren, Galar, Beraskoain eta Noainek eremu mistoan sartzeko aukera izanen dute, udalbatzek gehiengoz hala erabakitzen badute. UPN bakarrik gelditu da aldaketaren aurka agertuz. Gaur goizean bertan, EHEko kideek gorotza zabaldu dute Euskarabidean, aldaketaren urria salatzeko. Albistegietan, Arangurengo herritar batekin, Iñaki Zabalarekin mintzatu gara, legearen erreformak haien bailaran zer aldaketa eraginen dituen azal ziezagun.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/aranguren2010218.mp3]
Argazkia: Ttipi-Ttapa
Nafarroa baiko Maiorga Ramirezek nabarmendu du euskara nafar guztion hizkuntza dela. Eta Euskararen legeak hizkuntza hori defendatu, zaindu eta zabaldu beharrean, eskubidean murriztu eta mugatzen dituela. Gaur onartu den aldaketa eskasa eta partziala dela uste du Nafarroa baik, zonifikazioaren beraren aurka dagoelako.
PSNren izenean, Roberto Jimenezek esan du zonifikazioak doikuntza batzuk behar dituela urte hauetan gizartea ere aldatu egin delako. UPNrik kritika…estereotipo antinazionalistatik ateratzearen beldur izatea leporatu dio. Proposamen orekatua da PSNren iduriko, ez muturrekoa.
CDNtik, José Andres Burguetek Euskararen Legea defendatu du, esan duenez, euskararen garapen garrantzitsua ekarri duelako Nafarroan. Iruñerrian egin den inkesta soziolinguistikoaren garrantzia nabarmendu du, herritarrek bertan adierazitakoari erantzutera baitator Parlamentuak onartu duen aldaketa. Jarrera horien aurrean, CDNren erdiko jarrera azpimarratu du Burguetek, gaurko aldaketak Iruñerri osoari tratamendu integrala ematea ekarriko baitu.
Ordua zen Parlamentua herritarren beharrez ohartzeko. Hitz horiekin hasi du bere interbentzioa Ion Erro, Nafarroako Ezker Batuko koordinatzaileak. Gogoratu du, bere alderdiak hiru aldiz egin duela Euskararen legea aldatzeko proposamena, esan duenez, inongo interes alderdikoirik gabe. Euskararen normalizazioan urrats garrantzitsua dela uste du Errok.
Carlos Garcia Adanero, UPNren eledunak gaitzetsi egin ditu gainontzeko taldeen kritikak, nabarmendu duenez, hauteskunde programan agertu zutena betetzen ari baitira. Nabarmendu duenez, Foru Hobekuntza bera da zonifikazioa finkatzen duena.
Nafarroako parlamentuan ordezkaritzarik ez duen ezker abertzaleak ohar bidez, kritikatu egin du Euskararen Legearen aldaketa, dioenez, ez delako nahikoa euskararen biziraupen eta normalizaziorako. Dio, nafarroako gobernuaren hizkuntza politika eta herritarren aldarrikapenak ez datozela bat, gobernuak berak aginduta egin den azken inkesta soziolinguistikoak agertu duen bezala.
Hizkuntza politika berri baten beharra aldarrikatu du Ezker Abertzaleak, eta euskararen ofizialtasunaren alde gogoeta partekatu eta dinamika berriak martxan jartzeko eskua luzatu die aldarrikapen horien alde dauden herritar, alderdi eta eragileei.