Fermin Erbiti
Argia goizeko -eta batez ere- arratsaldeko partida irabazten ari zaio gauari. Udaberria hurbiltzen ari den seinale, seinale bakarra, egia esan, termometroak temoso segitzen baitu egunero, negu gorrian bizi garela azpimarratuz.
"Benetako negu gogorrak garai batekoak, ez oraingoak" Esaldi hori errepikatu ohi dutenei mesede bat: aurtengoa oroimenaren koaderno fidagaitzean apunta dezatela, tenperatura, euri, elur...den-dena zehatz-mehatz, alferrikako lana izanen dela jakin arren, denboraren joan etorriak datu horiek desitxuratu eginen dituelako.
Esperientziak erakutsia badakigu haurtzaroko elurteak direla handienak, orduko udak luzeenak, igande arratsaldeak ere ilunenak, orduko adiskidantza hautsezinena...haurtzaroko talaiatik dena da handi, dena eder eta luze.
Zorionez edo zorritxarrez, bizitzari beste talaia batetik begiratu behar diogunok badakigu oraingo neguak ere luze bezain hotzak izan daitezkeela. Aurtengoan duzue froga. Xalbadorri kasu eginez gero, apirileko goiz eder batean helduko zaigu udaberria: Negu zitalak orduan utziko omen dio lekua primaderari.
Karriketan barna uzkur ibiltzera kondenaturik gaituen aurtengo neguan, behin baino gehiagotan oroitu naiz Xalbadorren bertsoaz.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/fermin2010216.mp3]