Iritzia: Gautxoriak eta aldameneko etxeko obrak

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 15a, 19:36

Izaro Arroita

Gaueroko honetan egin ohi dudan bezala, gauez bizi garenon ibilerez jardun nahi nuke gaur ere: gauez lan eta egunez lo egiten dugunon arazoez. Izan ere, egunerokoak (edo kasu honetan gauerokoak) arazoak kontatu eta barrua husteko idazten ditugu askotan… Baina noski, kontuan izan behar dugu alderantziz bizi garen gautxori edo saguzarren arazoak ezberdinak izaten direla.

Nire osabak esaten du kontzientzia lasai ez daukatenak direla gauez ondo lo egin ezin dutenak: berak ez daukala aparteko arazorik, lasai dagoela bere buruarekin eta horregatik, lo seko geratzen dela ohean bigarren hanka sartu orduko.

Ziur aski egia da jende askori gauez agertzen zaizkiola bere mamuak eta ohean bueltaka ibiltzen direla, ezin lorik hartu. Bai: eta ez diot inori horrelakorik opa; baina argi utzi nahi nuke badela okerrago dagoenik ere. Gautxorion arazoak, esaterako, lazgarriagoak izaten dira askotan. Eta ez gauez, alderantziz eta eguzkiaren argirik gabe bizi behar dugulako bakarrik, ez.

Adibide bat jarriko dut. Ze, begira, behar bada ez dugu fantasma edo mamurik izango gelako paretetan bueltaka lo egin nahi dugunean… baina fisikoagoa, errealagoa izan daiteke kontua… Pentsa zer den, esate baterako, gauez bizi behar duenarentzat, egunez, langileak aldameneko etxean jo eta su aritzea… leihoak eta lurra aldatzen, paretak botatzen. Egunak joan eta egunak etorri, taladroak, mailuak eta zerrak buru barruan dituela saiatu behar du gautxori gaixoak lo egiten. Munduko mamu guztiek konpainia ona ematen dute horrelakoetan: atseginago dirudite fantasmek gelako paretetan, langileek aldameneko etxean baino.

Gautxori edo saguzarrak badaki gauez, bere eguna hasten denean, bera izango dela fantasma edo zonbi itxura izango duena: batere lorik egin gabe, aurpegia zuri-zuri eta begiak zeharo gorrituta. Eta gizakiaren alderdirik ilunena azaleratzen zaio. Garrasi egin nahi luke, eta pentsatzen du: “gauez, mamu bihurtuta jaikitzen naizenean, langile horien etxeetara joango naiz, eta ikusiko dugu orduan nork egin dezakeen lo”.

Baina gero konturatzen da alperrik dela horrela jartzea ere. Badaki gautxoria dela, azken finean. Nire osabak esan arren lasai lo egiten dela kontzientzia lasai izanez gero, gautxoriak, gauez lan egiten duenak, egun-argiz egin behar izaten du lo: mundua (eta munduko zarata guztiak) esna daudenean. Ez da erraza. Baina hori da gautxorion patua: aldameneko etxeko langileen patua bizilagunon hiltzaile-senaren beldur bizitzea den bezalaxe.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/izaro-arroitia-ots-15.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!