Euskalerria Irratiaren irtenbide proposamen arrazoitua

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 15a, 13:59

Lizentzia jaso nahi duten irratiak puntuatzeko perituen txostenak erabil daitezela proposatu dio Euskalerria Irratiak Nafarroako Gobernuari. Izan ere, txostenon inpartzialtasuna gorena da, enkargatu zituen epaileak bermatua.

Gaur goizean, Euskalerria Irratiko zuzendari Mikel Bujandak eskura eman dio arrazoituriko proposamena Gobernuko eledun Alberto Catalani, eta jarraian agiria Nafarraoako Gobernuaren Erregistroan aurkeztu du.

Euskalerria Irratiak espero du Gobernuak zentzuz eta gardentasun osoz jokatzea proposamen honi erantzuna emateko orduan. Eta beste baterako uzten du bestelako balorazioak egiteko aukera.

Egungo egoera

Euskalerria Irratiarena arrazoituriko proposamena da, egungo egoera zein den zehazten duena eta halaber konponbidea seinalatzen duena. Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren ebazpenak lizentzia banaketa prozesua atzera eramaten du. Zehazki zer puntura? Kontratazio Mahaiak 1998ko ekainaren 18an sinaturiko aktara, hain zuzen ere.

Akta horretan aurki daitezkeenak:

a) Puntuazio sorta zehatz bat, baremoak dituen zortzi moduluetako lauren inguruan.

b) Gainontzeko moduluei buruzko iruzkin baloratibo zenbait, puntuazio zehatzik gabeak.

Horiek guztiak irmoak dira.

Perituen toxtenetan datza irtenbidea

Beraz, egiteko dagoen lana da puntuazio zehatzik gabe geratzen diren lau moduluei puntuazio zehatz hori jartzea. Lan horretara begira, Euskalerria Irratiak proposatzen du perituen txostenak erabiltzea puntuaketarako oinarri moduan. Txostenok auziko epaileak agindu zituen, eta sumarioan aurki daitezke. Hiru agiri dira: 1) Kazetaritza proiektuari eta komunikazio proiektuari buruzko txostena. 2) Bideragarritasun ekonomikoari buruzko txostena. 3) Txosten teknikoa.

Txostenen balioak

Hiru txostenek lau moduluetan aztertu beharreko alorrak aztertzen dituzte.

Gaitasun profesionala frogaturik duten, eskarmentu profesionala duten eta haien elkargo profesionaletako partaide diren lau espezialistak egin dituzte, kazetari batek, ekonomista batek eta telekomunikazio ingeniari batek hain zuzen ere.

Inpartzialtasun gorena bermaturik dago, epaileak aginduriko peritu frogak baitira, eta zozketa bitartez erabaki zen nortzuk eginen zituzten.

Ondorioak eta proposamen zehatza

Hiru txostenak puntuaketa lanak egin behar dituzten kontratazio mahaiko kideentzat oinarririk egokiena direla onartu behar da. Eta oinarri horiekin egindako puntuaketa zehatzak orain arte irmoak direnei gehitu behar zaizkie.

Nafarroako Gobernuak zentzuz eta gardentasun osoz jokatzea espero dugu, baita banaketa gehiegizko presarik edo atzerapenik gabe burutzea ere, zeharo onartezina izanen bailitzateke beste behin ere azpikerietan hasteko tentazioan erortzea.

Euskalerria Irratiak oraingoz bazterrean uzten du bestelako balorazioak egiteko aukera, baita ardurak argitzeko balizko exijitziak ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!