Iritzia: Ez aztiak, ez sorginak

Euskalerria Irratia 2010ko ots. 15a, 10:59

Josetxo Azkona

Elurra bezain erakargarri egiten zaizkit etorkizunaren zantzuak zer-nolakoak diratekeen igartzen dituzten pertsonak. Oro har, sen handiko asmatzaileak horiek gertaera errealetatik abiatzen dira, eta, egitateetan oina harturik, ezkutuan edo begi-bistan, jardun aktiboan dihardute gogotik.

Beltor Brecht izan zen, bere erara, horietako bat. Haren idazki eta poematan, kasu, ageri dira aski garbi, gerora, tamalez, Bigarren Gerra Handian egiazki jazo ziren gertaera ezin lazgarriagorik. Arretarik batere ez zion egin orduko gizarteak, jakina denez.

Irakeko inbasioa gertatu baino lehen, zenbait aztertzailek abisua eman ziguten, inbasioaren ondorioz, Iraken gerta zitekeenaren hondamendiaz. Hein batean, haien azterketak guztiz zuzenak ziren, eta, ikusitakoak ikusita, ez zeuden oso urrun hango populazioarentzat igarri zituzten kalte eta zorigaitz itzelezkoetatik. Bistan da ez zietela jaramonik egin.

Estatu Espainiarreko egungo ekonomiaren gainbeheratze honen ezaugarriak aski ongi deskribatuak zituzten zenbait ikerlarik, orain dela hamar bat urte-edo. Nahiz PPkoek nahiz sozialistek, ez-ikusiarena eginez, haien iragarpenen gainetik joz, temati segitu zuten adreiluan soilik funtsaturiko ekonomia eredu okerrarekin. Igarle haiei kasu ez egitearen emaitzak begi-bistakoak dira oraindik ere.

Eta modu berean gertatu da ekonomia espekulatzaile hutsean erroturik zegoen Estatu Batuetan izaniko finantza porrotarekin: Madof bankari handiak bereak eginen zituela sumatua zuten lehendik analista zenbaitek. Honakoan ere, bizkarra eman zieten ikertzaile zorrotz haiei.

“A” izeneko gripearen inguruan, eta, bereziki, itxura guztien arabera izan den iruzur masiboaren harira, baziren hainbat ahotsek, epidemietan-eta aditua zen jendearenak, ohartarazten zigutenak ezetz, hura arazoa izanik ere, ez zela inondik ere pandemia bat izendatzeko modukoa. Farmazia-multinazionalek, hala ere, lortu zuten lortu Munduko Osasun Erakundeak hala izendatzea. Ez osasun arloko agintariek, ez gobernuek, ez zieten atentzio minimorik ere eman igarle deseroso haiei.

Zertarako jarraitu adibideak aireratzen.

Ikerle hauek ez dira ez aztiak, ez sorginak. Bai ordea, datu, eskarmentu, jakintza eta zintzotasunarekin egiten dute lan. Eta gertatuko den errealitate desatsegin baten berri ematen digutenez, ikerleok ez dituzte gustuko ez boteretsuek, ez botererik ez dutenek ere.

Bisionarioak dira, adur makurrekoak: ez dira fidatzekoak.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2010/02/josetxo-azkona.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!