Epaileek arrazoia eman digute

Euskalerria Irratia 2010eko otsailaren 11

2006ko irrati lizentzia banaketa baliorik gabe utzi dute epaileek, Euskalerria Irratiak aurkezturiko helegitea onartuz. Oraintxe jaso dugun ebazpenaren arabera, Nafarroako Gobernuak "irregularki" jokatu zuen txostena DOXA enpresari enkargatuz, osaturiko kontratazio mahaiak "ez zuen bere zeregina bete", eta hori  "deuseztasun akatsa" da, beste modu batean esanda, gure irratia lizentziarik gabe utzi zuen prozesu osoa baliogabetzen duen huts egitea. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzi Aretoaren epaia da, gure irrratiak aurkezturiko gora jotzeko helegiteari erantzuten diona.

Euskalerria Irratia 2 - Nafarroako Gobernua 0

Auzi hau 1998an hasi zen. Orduan, Nafarroako Gobernuak Net 21 eta Opus Deiren Nafarroako Unibertsitatearen esku utzi zituen lizentziak, eta  Euskalerria Irratia hirugarren postuan utzi zuen, emititzeko baimenik gabe. Erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu genuen, eta 2005eko abenduan, epaileek arrazoia eman ziguten, banaketa hura baliogabetuz. 2006an, Gobernuak kontratazio mahai berria osatu zuen prozesua errepikatzeko, eta berriro utzi zituen lizentziak Net 21 eta Opus Deiren esku. Gure izenean eta EKEren finantzazioarekin, Asun Galar abokatuak horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, eta beste behin ere irabazi egin dugu. Informazio hau web honetan zabaldu dugu, beste inon baino lehenago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!